Begoña Gilsanzen 24 artelan daude ikusgai Arkupen, hil amaierara arte

Mirian Biteri 2012ko urtarrilaren 16a

Begoña Gilsanz bilbotarraren artelanak ikus daitezke urtarrilaren 31era arte Arkupeko erakusketa gelan. Honako ordutegian bisitatu ahal da erakusketa: astelehenetik egubakoitzera 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara eta zapatuetan 11:00etatik 13:00etara.

Gilsanzek 24 margolan ekarri ditu Aretxabaletara: 23 olio eta akuarela bakarra. Horren harira, jakinarazi digu 2005etik hona egin dituela pinturok, eta askotariko gaiak jorratzen dituzten lanak ekartzen saiatu dela. Honakoa esan du: "Denetarik ekarri dut: abstraktuak, figuratiboak, paisaiak eta erretratuak, besteak beste".

Bada, lehen aldiz erakusten ditu lanak Aretxabaletan; Eskoriatzan joan den urtean izan zen. Azaldu du lagunak dituela herrian, eta haiei esker izan duela Arkupen jartzen dituzten erakusketen berri.

Terapia moduan

Hamar urte pasatxo darama bilbotarrak margotzen. Bere ibilbidearen hasiera gogorarazi digu: "Betidanik izan dut margotzeko gogoa, baina, era berean, beldurra ere ematen zidan. Azkenean, 2001. urtean hasi nintzen, lanerako ezintasuna eman zidatenean. Terapia moduan hartu nuen, eta, egia esan, asko lagundu dit. Oso gustura egiten dut".

Ordutik hona 50 lan inguru egin ditu; gehienak olioak badira ere, akuarela, akriliko eta ikatz-marrazkiekin ere egin duela lan adierazi digu. Gaiari dagokionez, bereziki, argazkietan oinarritzen dela esan digu. Asko bidaiatu duela eta bidaia horietatik ideia asko atera dituela dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak