Iban Luelmo: "Beti eskatzen didate markagailuan UDAren aldeko emaitzak jasotzeko"

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko urtarrilaren 14a

Aski ezaguna da Iban Luelmo Aretxabaletan. Orduak eta orduak ematen ditu astero Ibarra futbol zelaian. Lehenengo kadete mailako botileroa da, eta talde nagusiak etxean jokatzen duenean hura arduratzen da markagailuaz. Futbolzale sutsua da; Aretxabaletako taldeaz gain, Reala eta Bartzelona ere jarraitzen ditu, eta mendia ere asko gustatzen zaio.

Zaraia mendizale elkarteko kidea da 16 urte zituenetik. Mendi irteera eginaz eman zion hasiera 2012ari; Murura egin zuen igoera Urteberri egunean. Urtarrilean, gainera, urteak betetzen ditu Ibanek. Aurten, 34 egin ditu, eta urtebetetzea ospatu eta biharamunean egin dugu hitzordua harekin.

Zorionak, Iban!
Eskerrik asko! [Barre]

Zer moduz bizi zara Aretxabaletan?
Oso gustura. Oso herri polita da. Gurasoak Zamorakoak dira, eta aspaldi etorri ziren Aretxabaletara bizi izatera. Gasteizen jaiotakoa naiz, baina nire nortasun agirian Aretxabaleta ipintzen du. Beti bizi izan naiz hemen. Bertan ditut familia, lana eta lagunak. Ez zait sekula beste herri batera bizi izatera joateko ideia burutik pasa ere egin. Ez dut inoiz beharrik sentitu.

Ordu asko sartzen ei dituzu zuk Ibarra futbol zelaian?
Bai. Futbola nire afizioetako bat da. UDA, Reala eta Bartzelona jarraitzen ditut. Aretxabaletako  lehenengo kadete mailako botileroa ere banaiz, eta markagailuaz arduratzen naiz talde nagusiak etxean jokatzen duenean.

Zuk jakingo duzu orduan beste inork baino hobeto UDA zelan doan.
Ondo doala esango nuke nik. Lehenengo kadete mailako taldea, berriz, Kopa jokatzeko puntuan da. Ea lan ona egiten dugun!

Aizu, markagailuaren ardura ez da txantxetakoa izango! Baduzu anekdotarik?
Bueno... beti eskatzen didate etxeko taldearen aldeko emaitzak jasotzeko markagailuan. Badakit txantxetan ari direla, baina jendeak ulertu behar du ezin dudala horrelakorik egin, nahiz eta gogo faltarik ez izan.

Botileroa ere bazara lehenengo kadete mailako taldean. Zeintzuk dira zure ardurak?
Astean bitan –eguaztenean eta egubakoitzean– entrenatzen da lehenengo kadete mailako taldea. Entrenamenduetara joaten naiz, baita aste bukaerako partiduetara ere. Nire ardura nagusia materiala prest edukitzea da; petoak, baloiak, ura...

Futbolari denbora luzea eskaintzen diozu, baina mendizaletasunari ere bai, ezta?
Bai. Nire beste afizio handia da. Zaraia mendizale elkarteko kidea naiz 16 urte nituenetik, eta hamabostean behin irteera bat egiten dugu. Urteberri egunean, esaterako, Murura igo ginen, 10:00etan abiatuta. Salda, txorizoa... prestatzen laguntzen dut. Asko gustatzen zait dagoen giroa. Hurrengo irteera domekan, urtarrilak 15, egingo dugu.

Zein mendi dituzu gustukoen?
Gogoan dut elkartearekin egin nuen lehenengo irteera; Urduñara izan zen. Inguruko mendiak oso gustuko ditut, hala nola Kurtzebarri, Muru, Degurixa, Gexao... Gainera, Nafarroan, Frantzian, Palentzian eta Sorian ere ibilitakoa naiz. Aste Santuan beti egiten dugu irteera bereziren bat. Behin, Gipuzkoako Itzulia ere egin genuen.

Herriko jaietan parte hartzen duzu?
Bai, noski. Abuztuko Andramaixetan kanpoan egoten naiz, baina, bestela, gustatzen zait kalera irtetea. Inauterietan, orain, ez naiz mozorrotzen, baina txikitan bai. Eta zinema ere oso gustuko dut. Sarri joaten naiz Arkupera pelikulak ikustera.

Eta informatuta egotea garrantzitsua ei da zuretzat.
Bai. Egunero irakurtzen dut egunkaria eta telebistako albistegiak ikustea ere asko gustatzen zait. Dena jarraitzen dut: politika, ekonomia, kirola... Badakizu, gainera, orain krisia dugula eta egoera oso txarto dagoela. Fagor Etxetresna Elektrikoak lantegiko langilea naiz, eta gurean ere nahiko lan dugu. Ea 2012an gauzek hobera egiten duten!

Baduzu itxaropen hori?
Bai, noski! Krisi honetatik aterako gara. Sinistuta nago. Horrela behar du, gainera. Beti pentsatu izan dut baikorrak izan behar dugula; bestela, jai daukagu! Gauzak ez doaz ondo, baina hobera egingo dute. Ziur.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak