"Gogorra izan da lehen egunetik azkeneraino"

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko urtarrilaren 10a

"Lortu dugu, baina gogorra izan da lehen egunetik azkeneraino". Halaxe diote hiru espedizioko kideek. Oso gogorra izan dela nabarmendu dute. Munduan, aurretik, zortzi pertsonek bakarrik lortutakoa egin dute Irurrategi eta beste bi espedizioko kideek. Jarraian batu ditugu, espedizioa amaitu eta berehala egin dituzten adierazpenak.

"Hego Polora iritsi gineneko eguna izan ezik, non aurkitu genuen elurra egoera onean hainbat kilometrotan, gainerako 3.400 kilometroetan aurkitu dugu elurra oso egoera txarrean eta ezin izan dugu gozatu ia egun bakarrean ere kometekin".

"Espero genuen hotza edukitzea, baina ez horrenbeste".

"Akaso, Groenlandian aurkitu genuenagatik, oker geunden edo okerreko ustearekin gentozen hona; uste baino askoz ere baldintza kaskarragoak aurkitu ditugu hemen".

Urtarrilaren 3an, errekorra

"55 egunetatik zortzitan kilometro bakarra aurreratzea ez genuen lortu; beste 14 jardunalditan, 100 kilometroak gainditzea lortu genuen eta, urtarrilaren 3an, errekorra lortu genuen: 180 kilometro".

"Ez dugu egin nahi genuen guztia, baina lortu dugu helburu nagusia, zeharkaldia amaitzea; asko kostatu zaigu, baina lortu dugu eta sekulako poza hartu dugu".

"Egoera eta baldintza gogorrei egokitzen jakin izan dugu; behar izan dugu; eta, ikasi dugu, kometarekin izotz erregularrean irristatzen".

"Sekulako garaipena izan da"

"Kilometro asko eta egun asko izan dira, gauza asko gertatu zaizkigu; hortaz, halako esperientzia gogorra amaitze hutsak, daukagun guztia ematera behartu gaitu, sekulako garaipena izan da".

"Azkeneko egunera arte izan da gogorra, ze haizete gogorrak iragarri zituzten eta, gero, benetan, ia ez dugu haizerik izan eta, horren ondorioz, oinez egin behar izan ditugu kilometro asko eta asko".

"Ez genekien, zehazki, zenbat jendek egina zuen zeharkaldi hau eta, gainera, guretako ez zen hori garrantzitsuena; gu asko motibatzen gintuen espedizioa zen; hori da inportanteena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak