Israelgo eta Palestinako gatazkari buruzko hitzaldi arrakastatsua, Arkupen

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko urtarrilaren 5a

Israelgo eta Palestinako gatazkari buruzko hitzaldia eman zuten atzo Aretxabaletako Arkupen. Hizlariek argi utzi zuten herrialde okupatzaile bati eta okupatu bati buruz ari zirela hizketan eta egoera horri aurre egin behar zaiola. Gatazkari konponbidea bultzatzeko tresna hauxe zela azaldu zuten; Palestinako gizarte zibilak Israelen aurka abiarazi zuen Boikot, Desinbertsio eta Zigor kanpaina bultzatzea.

Israel eta Palestinaren gatazkari buruzko hitzaldia eman zuten atzo arratsaldean Ane Irazabal historialari eta kazetariak eta Alberto Pradilla kazetari eta idazleak, Aretxabaletako Arkupen.

Alberto Pradilla Israeleko egoeran zentratu zen. Esan zuen beti hitz egiten dela Palestinan gertatzen denari buruz eta islamari buruz, baina ahaztu egiten dugula gatazka prozesu kolonizatzaile eta baztertzaile baten ondorioz sortu zela.

Eskuindarra eta erlijiosoa

Gaur egun Israelen bizi duten egoerari buruz galdetuta, Pradillak azaldu zigun bertako gizartea eskuindarra eta erlijiosoa dela eta euren buruan zentratuta bizi direla inguruan gertatzen diren iraultzekin mesfidati sentituz.

Gatazkaren konponbidea bultzatzeko tresna bakarra Palestinako gizarte zibilak 2005ean abiarazi zuen, Israelen aurkako Boikot, Desinbertsio eta Zigor kanpaina dela azaldu zigun Pradillak. Israelek nazioarteko zuzenbidea eta palestinarren eskubideak errespeta ditzan.

Duintasuna

Ane Irabazal gaur egun Palestinan bizi da eta aitortu zigun orokorrean okupazio militarren pean bizi den gizarte bat dela Palestinakoa; duintasuna aldarrikatuz bizitza normal bat egiten saiatzen den herri bat dela. Hala ere, etorkizun hurbil batera, ez du irtenbide politikorik ikusten.

Egoera horri aurre egin behar zaiola gaineratu zuen Irazabalek eta presioa egin behar zaiola nazioarteko ikuspuntutik. Gaineratu zuen, gatazkarekin amaitzeko derrigorrezkoa izango dela Israelgo gizartea aldatzea eta benetan barrutik apurtzea.

60 urte borrokan

Palestinarrek egoera nola bizi duten galdetuta, Irabazabalek erantzun zigun herritarrek 60 urte baino gehiago daramatela borrokan erresistentzia aldarrikatuz eta denetarik dagoela: borrokatzen jarraitzeko sutsu daudenak eta dagoeneko egoerarekin nekatuta daudenak eta bizitza normal bat egin nahi dutenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak