Beste urte batzuetan baino tenperatura epelagoaz, Ibarra futbol zelaiko harmailetan jende asko batu da torneoa bertatik-bertara jarraitzeko. Goizeko lehenengo orduan Debagoieneko selekzioak eta Eibarrek jokatu dute, eta eibartarrek batu dituzte goizeko lehenengo puntuak (0-1). Ondoren jokatu dute Realak eta Athleticek, eta markagailuak halakorik erakusten ez badu ere, igarri egin da zuri-gorriak bigarren taldeaz etorri izana (1-0). Hala, goizeko hirugarren partiduan erakutsi du Eibarrek iaztik hona aurrerapauso handia egin dutela, Athleticen kontra goizeko bigarren garaipena eskuratuta (1-0). Segidan debagoiendarrek 0-3 galdu dute Realaren kontra, eta final aurreratuan Eibarrek eta Realak 1-1 berdindu dute –finalean indarrak ez dira horren parean egon.
Athleticen kontra goiza zuzentzera
Mondrako eta Arizmendiko neskez osatutako taldea euren azken partiduan ahalegindu dira goiza zuzentzen, baina Athleticek ez die horretarako aukerarik eman (0-1). Hala, ordurako zehaztuta zegoen finala: Eibar eta Reala. Aurreratu moduan, baina, Realak indarrak gorde ditu finalerako, eta Eibar hustu egin da. Eibartarrak euren zelaian sartuta egon dira Realaren jokoa moztu eta kontraerasoan irten nahian; baina, donostiarrak gehiago izan dira, jokoaz eta gol aukeratan, eta eibartarren atea birritan zulatuta, poltsikora eraman dute aurtengo torneoa.
"Kategoria txikien topaketa nabarmendu nahi dugu"
Txapelketa amaitu eta sariak banatu ostean torneoko antolatzaileek balorazioa egin dute: "Oso gustura geratu gara. Akaso, gaurkoa pastelari ginda jartzen dion hitzordua izan da maila oneko taldeak ikusteko aukera egon delako". Baina, antolatzaileek abenduaren 30ean kategoria txikietako neskekin egindako txapelketak azpimarratu nahi izan dituzte: "Guretako hori da garrantzitsua, gaztetxo horiekin lan egitea, maila gorenean futbolean jokatzeko derrigorrezkoa delako gazteekin jardutea. Atzo maila txikiagoetako 20 talde batu ziren, eta azpimarratzekoa izan zen taldekideen parte-hartzea, gurasoen jarrera ona... Oso gustura geratu ginen", adierazi du Urtzi Amianok. ARGAZKI GALERIA
Emakumezkoen txapelketako emaitzak:
Debagoieneko selekzioa 0 - Eibar 1
Reala 1 - Athletic 0
Eibar 1 - Athletic 0
Debagoieneko selekzioa 0 - Reala 3
Eibar 1 - Reala 1
Debagoieneko selekzioa 0 - Athletic 1
Finala: Reala 2 - Eibar 0