Aretxabaletak, osasun etxe berria izango zuela aurreikusten zen. Hala adierazi zuten aurreko agintaldiko udal arduradunek. Zehaztu zuten, gainera, 2012. urte amaierarako edo 2013. urte hasierarako anbulatorioa egoitza berrian izango zela. Baina Ana Bolinaga alkate berriak esan du ez dela horrela izango: “Pentsatu zen 2011. urtean Basotxon proiektua egiteko dirua zegoela, baina Osakidetzako arduradunekin egon ondoren, esan digute ez zegoela 2011rako proiekturik, eta, agian, 2012an egongo dela proiektu bat. Baina noiz gauzatu osasun etxe berria Basotxon, eurek ere ez dakitela adierazi digute, ez dagoelako dirurik horretarako”. Anbulatorio berrian zerbitzu berririk ez zela eskainiko ere gaineratu dio Osakidetzak alkateari, hau da, orain arteko zerbitzu berberak mantenduko lirateke.
Asmoa zen, egun, erretiratuen egoitza dagoen tokian kokatzea anbulatorio berria eta Osakidetzak 200.000 euroko partida bideratzea proiektua gauzatzeko.
Ana Bolinagak, bestalde, argi utzi nahi izan du osasun etxe berria Basotxon kokatzeko, beharrezkoa dela erretiratuei alternatiba bat bilatzea: “Guk, hemendik lau urte bitarte, urtero-urtero 50.000 euro inguru gordeko ditugu Basotxo berri bat eraiki ahal izateko etorkizunean. Uste dugu kokapen berria Zainduz izan daitekeela”.