Liburua idatzi dute Arantxa Berezibar, Aitor Antxia, Ramon Itxauspe eta Kepa Antxiak. Arantxa Berezibarrek liburuaren lehen zatia egin du, Gipuzkoa 1930-1940; zati horretan probintziako egoera sozio-politikoa azaltzen da. Aitor Antxiak bigarren zatia egin du, eta, garai hartan Aretxabaletan zegoen giroa islatzen da bertan. Hirugarren zatia Ramon Itxauspek egin du eta gerraren nondik norakoak azaltzen ditu. Eta laugarren eta azken zatia Kepa Antxiak egin du, sasoi hartan egunkarietan irtendako artikuluak batu ditu.
Orain dela bost urte ekin zioten liburua egiteari eta egileek adierazi dute lan gogorra izan dela. Batetik, garai hartako testigantzak jaso dituzte, eta, bestetik, artxiboetan bilatu dute informazioa.
Ekitaldian izan den Lore Martinezek esan dutela Aretxabaletan gertatutakoa ez dela ahaztu behar eta beharrezkoa dela memoria historikoa berreskuratzea. Urrats horretan liburu hau kaleratzearen garrantzia azpimarratu du.
Egileek ere iragana idatzita ixtearen garrantzia nabarmendu nahi izan dute, etorkizuneko belaunaldiek ezagutu dezaten.
Omenaldia
Liburua aurkezteaz gain, omenaldi xumea ere egin diote 36ko Gerran kaltetuak izan ziren senitartekoei. Hala, euretako senide batzuk igo dira taula gainera, familia-kideen bizipenak kontatzera. Felix Urtudiren alaba ere bertan izan da. Lore sorta, oroigarria eta liburua eman dizkiote.
Urtudi ezaguna da gerran egin zuen bere azken ekintzarengatik. Munizio gabe gelditu eta bere hegazkinaz beste italiar bat jo zuen. Urtudi hil egin zen ekintza horretan; ez ordea soldadu italiarra. Antxiak berak gogora ekarri du soldadu italiarrak Urtudiren ekintza goraipatu zuela idatzi batean.
Liburua erosi nahi duenak Arkupen izago du eskuragarri 10 euroren truke. 1.000 ale kaleratu dituzte.