Izena aukeratzeko lehiaketa egin da eta 15 proposamen jaso dira guztira. Horietako hiru bat etorri dira Ibarra izenarekin. Ordezkari politikoek hartu dute erabakia. “Alderdi politiko denekin adostu dugu izena. Erabaki genuen izen aproposena hori zela, kiroldegia dagoen tokiko toponimiarekin bat datorrelako” esan du Ana Bolinaga herriko alkateak.
Martxoan irekiko ditu ateak
Atzerapenen ostean, Bolinagak adierazi du otsailean bukatuko direla kiroldegiko lanak eta martxoan irekiko dituela ateak. Alkateak gaineratu du instalazio berriak martxan egon arte, aretxabaletarrek beste alternatiba batzuk izango dituztela. Hala, ikastaroak Zainduz lokalean eskainiko dira orain arte bezala; eta Eskoriatza eta Arrasateko kiroldegietara ere joan ahal izango dira aretxabaletarrak. Gainera, abonu bereziak izan ditzakete, Eskoriatzako kasuan hiru hilabetekoa –urtarriletik martxora bitartekoa- eta Arrasaten bi hilabetekoa.
Kudeaketa integrala
Kiroldegiko kudeaketari dagokionez, udalaren nahia zen kudeaketa mistoa bultzatzea, baina Bolinagak berak esan du ez direla ausartu hori egitera, 900.000 euroko mailegua dutelako 10 urtera begira eta kudeaketa mistoak gastu gehiago suposatuko lukeelako. “Makinaria aldez aurretik erosi beharra eta instalazioek eskatzen duten mantenu lana kontua izanda, prentsatu dugu egokiena zdela kudeaketa integral baten aldeko apustua egitea”.
Bolinagak dio horrek ez duela esan nahi ez direla kudeaketa mistoaren helburuak lortuko. Hala, gaineratu du udalaren nahia dela inguruko enpresa bati ematea kiroldegia kudeatzeko aukera batetik; eta, formakuntza jaso duten langabeek, sortuko diren lanpostuetan sartzeko aukera izatea bestetik.
80.000 euro urbanizaziorako
Kiroldegiko aurrekontuetan aurreikusita ez zegoen arren, eraikinaren ingurua urbanizatzeko 80.000 euro bideratuko direla aurreratu du alkateak. Helburua aparkalekua eta bidegorria egitea ere baziren, baina Bolinagak adierazi du ez dagoela horretarako dirurik. Bidegorria Lausita auzoan hasi eta Txarapeatik igaroko litzateke Deba ibaiaren bazterretik kiroldegiraino.