Esne kaxekin etxetxoa egin dute Basabeazpin

Mirari Altube Arrese 2011ko abenduaren 23a

Erabilitako esne kaxekin, 775 esne kaxekin hain zuzen, etxea egin dute Arizmendi ikastolako Basabeazpin. Lau urteko neska-mutikoek proiektu txiki moduan hasi zuten eta etxetxo dotorea eginez bukatu, gurasoen aholku eta laguntzarekin.

Lau urteko neska-mutikoak etxe eta eraikinen gaineko proiektua lantzen hasi ziren Basabeazpi gunean, orain hilabete inguru; "kontu batek beste bat ekarri zuen" eta hara, jolas egiteko etxetxoa eraiki dute.

Gurasoen laguntza

Arkitektoa den guraso batek egin zien proiektua eta zehaztu zenbat kaxa behar zituzten, 775: "Hasieran ezinezkoa iruditu zitzaigun hainbeste lortzea, baina hori baino gehiago jaso ditugu", dio Marta Arriaran irakasleak. Eraikuntzan lan egin izan duen beste guraso batek atea eta leihoa egokitzen lagundu zien, eta beste batek kaxak zelan itsatsi erakutsi: "Elkarlanean jardun dugu guztiok, eta ikusmin handia sortu du ikastolako guraso eta aiton amonen artean", azaldu du Iñaki Gonzalez irakasleak.

Neska-mutikoen eskaerei erantzunez tximinia egin diote eta oraindik beste xehetasun batzuk ere jarriko dizkiote, txirrina eta gortinak esaterako. "Oso gustura egiten dute jolas, batzuetan sukalde bihurtuta eta hurrengoan egongela", dio Gonzalezek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak