Ia 500 orri dituen liburuaren helburua da Aretxabaletan 1930 eta 1940 urte artean izandako aldaketa politiko eta sozialak ezagutzera eman eta jasota geratzea. Gainera, 1936 eta 1939 arteko gerra zibilak gurean izan zuen eragina aztertu eta jaso dute: herrian izandako gertaerak; herritarrengan utzitako ondorioak; eta gatazka jasan zuten biktima guztien zerrenda.
Euskaraz eta gazteleraz idatzi dute liburu mardula, eta lau ataletan banatu: Gipuzkoako soziologia politikoa eta elektorala II. Errepublikan (Arantza Berezibar); Aretxabaletako bizimodua (Aitor Antxia Leturia); Aretxabaleta gerran (Jose Ramon Intxauspe); eta Aretxabaleta 1930-1939 hamarkadan Euskal prentsan (Kepa Antxia).
Biktimen familiak gogoan
Aurkezpen ekitaldi horretan gerraren eragina jasan zuten familiak izango dituzte gogoan, baita Felix Urtubi Ercilla hegazkin pilotu errepublikanoa ere. Ekitaldira Madrilen bizi den haren alaba Matilde Urtubi eta iloba Arantza etorriko direla iragarri dute.