Zazpi urte atzera egingo bagenu, aurreikusten zenuten txapelketa honek izan behar zuen ibilbidea?
Ez. Gu ere hasiberriak ginen orduan, eta Almen Kirol Elkarte izatetik Arizmendi Kirol Elkarte izatera pasa ginen, hau da, aldaketa handiak egon ziren. Ikastolaren helburua zen ahalik eta gazte gehienek kirol ohiturak hartzea, baina ez kirolari profesional bilakatzeko, eta bai lagunartean ondo pasatzeko, osasuntsua delako... Eta, emakumezkoen bi futbol talderekin hasi ginen lanean. Kontua da Gabonetako oporraldian gizonezkoen taldeek torneo mordoa izaten zituztela han eta hemen, eta emakumezkoek ez zutela halakorik; hala, hiru aste egiten zituzten geldi. Horregatik erabaki genuen guk antolatzea Gabonetako torneo hau.
Eta txapelketa handitzen joan zen.
Bai, asmo oso xumeaz hasi ginen, eta hiruko torneo bat egin genuen lehen urtean. Aurten abenduaren 30ean 20 talde inguru izango ditugu, maila txikietakoak, goizean hasi eta ilunkerara arte Ibarran futbolean jokatzen. Eta 31n etorriko dira maila gorenean jokatzen dabiltzan Reala eta Athletic, eta maila bat beherago dagoen Eibar, gure selekzioaz batera.
Hirugarren edizioan hasi zineten talde nagusiak gonbidatzen?
Hala da. Reala hasita zegoen emakumezkoen taldeekin serio lanean, baina ez zuten Athleticek zuen maila bera. Realak oso ondo hartu zuen gure proposamena, eta Athletic ere animatu egin zen, jokalariendako entrenamendu sinple bat egin beharrean motibagarriagoa delako halako torneo bat jokatzea. Eta antza, oso gustura geratu ziren etxean moduan hartu genituelako; ordutik urtero itzuli dira.
Bestalde, Debagoieneko selekzioa dago. Bailaran gizonezkoen futbolean egiten ez dutena emakumezkoekin egitea lortu duzue.
Bai, eta urte hauetan aurrera-pauso galanta egin dute. Lehen urteetan Reala eta Athletic gainetik pasatzen ziren, baina iaz, esaterako, Eibar atzean utzi zuten hemengoek. Mondrako eta Arizmendiko jokalariekin osatzen dugu taldea, eta Bergarako neskak ere bertan daude, oso onak, gainera. Pena ez dugula Oñatiko ordezkaririk.
Hemengo taldeak, gainera, geroago eta maila altuagoetan daude.
Iaz Arizmendik denboraldi txukuna eginda lortu zuen hirugarren mailara igotzea, baina federazioek azkenean ez zuten kategoria hori ateratzea lortu. Ea aurten... Mondra, berriz, ikusgarri dabil. Gizonezkoetan 2.A mailan egotea modukoa da. Kategoria gogorra da, eta konpromiso handia behar da jokalarien partetik; kategoriara iritsi berriak izateko oso maila onean dabiltza.