Ana Bolinaga: “Ilusioz aritu gara, baina ez dugu dena ondo egin”

Irati Goitia 2011ko abenduaren 30a

Ana Bolinaga alkateak azken sei hilabetetako balorazioa egin du. Esan du ilusioz egin dutela lan, baina koordinazioa ez dela eurek nahi bezalako izan. Ondorioz, hainbat gaitan berandu ibili direla adierazi du. Adibide bezala jarri du aurrekontuetan ezin jarri izan dutela praktikan herritarren partaidetza.

Ana Bolinaga alkateak adierazi du sei hilabete hauetan ilusioz eta indarrez aritu direla lanean: “Egia da, ordea, ez dugula dena ondo egin. Autokritika bezala, azpimarratu nahiko nuke partaidetza zentzu batean ziurtatu dugun arren, 2012ko aurrekontuak adosterako orduan, ez dugu herritarrekin bat egin”. Aurreratu du datorren urterako planteatuko dutela metodologia berri bat.

Bestalde, adierazi du guztiz liberatuta ez egoteak, badituela bere eraginak ere: “Nik eskolan jarraitzen dut. Ondorioz, ez nago guztiz liberatuta eta Martinek liberatzen nau astean sei orduz. Horren eragina da, askotan ez garela iristen edo berandu iristen garela, nahiz eta, borondatez eta zintzotasunez gure lana gauzatu. Beraz, gainontzeko alderdi politikoei eskatuko nieke pazientzia apur  bat. Izan ere, batzuetan guk nahiko genukeen koordinazio hori falta izan da, baina martxotik aurrera alkatetza funtziotan izango naiz bakarrik eta zalantza gabe gauzak hobetu egingo dira”.

Herritarren sormena, krisitik irteteko gakoa

Bestalde, esan du beste garai batzuetan herritarrak gai izan direla krisi ekonomikoei aurre egiteko eta oraingoari ere aurre egingo dietela elkarlanean: “Gure indarrak batu eta gure ahalmenean sinistu behar dugu. Herritar bezala ekarpenak eta sortzeko dugun ahalmenean sinistu behar dugu”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak