Hirigintzaren gaineko azterketa egingo du Berdintasun Zerbitzuak herritarrekin

Mirari Altube Arrese 2011ko abenduaren 19a

Berdintasun Zerbitzua, Udaleko beste arlo batzuekin batera, hirigintzaren diagnosia egiten dabil genero ikuspegia kontuan hartuta. Galdetegiak jarri dituzte herriko hainbat lekutan herritarrek bete ditzaten, eta bihar, martitzena, batzarra egingo dute Arkupen (18:00) gaiaren gainean jarduteko; ateak zabalik dituzte interesatuek.

Aretxabaletako Berdintasun Zerbitzua, Emakunderen laguntzarekin, eta Udaleko beste arlo batzuekin batera dabil egiten hirigintzaren gaineko azterketa. Horren helburua da batetik, herritar guztiek leku publikoetan parte hartu eta goza dezaten berdintasun baldintzak bermatzea; eta bestetik, erabakiak hartzeko garaian dauden aldeak murriztea. Bost alderdi aztertuko dituzte diagnosian: irisgarritasuna; mugikortasuna; hornidura eta zerbitzuak; segurtasuna; eta emakumeen gaineko adierazpen sinbolikoa.

Galdetegia betetzeko

Gaur, hilak 19, hasita galdetegi batzuk betetzeko aukera izango dute herritarrek, eta bertan bost alderdien gaineko galderak erantzungo dituzte. Galdetegi horiek honako lekuetan erantzun ahal izango dira: osasun etxean, udaletxean, Arkupe kultura etxean, ludotekan, gaztelekuan eta Zainduz gimnasioan.

Bestalde, bihar, martitzena, batzarra egingo dute Arkupen (18:00) horren guztiaren gainean jarduteko. Iritzia eman edo ekarpenak egin gura dituztenak gonbidatuta daudela jakinarazi dute antolatzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak