25 urte bete ditu Loramendi Elkarteak

Mirari Altube Arrese 2011ko abenduaren 16a

Loramendik 25 urte bete ditu, eta 25 urte badelako zerbait ospakizun dotorea antolatu dute. Gaur, Anari bakarlariak kontzertua eskainiko du udaletxe zaharreko atarian eta bihar, ekitaldi nagusia egingo dute Iturrigorri pilotalekuan (18:30).

Jai giroan eta aurrera begira lanean jarraitzeko gogotsu daudela erakutsiz ospatuko dute urteurrena, eta  herritarrak ekitaldi horiekin bat egitera gonbidatu dituzte.

Beinke eta Loramendi ikastola

Joakin Arana Loramendi kultur elkartea, baina, ez zen hutsetik sortu; dagoeneko ereinda zeuden bi hazi bat egitean emandako kimua izan zen: Beinke kultur elkartea eta Loramendi ikastola. Biek ala biek zuten helburu euskararen erabilera sustatzeko lan egitea Aretxabaletan eta hainbat bileren ostean erabaki zuten kultur elkarte berria sortzea. Eta bost lan talde osatu zituzten: Tril emakume taldea; Berri Zahar euskaldun berrien taldea; kultur taldea; sentsibilizazio taldea; eta umeen taldea.

Loramendi kultur elkartearen sorrera Beinke-Loramendi dantzarekin irudikatu zuten, eta betiko gorde. Jose Ramon Vitoria arrasatearrak konposatutako musikarekin asmatu zuten dantza 1994an Loramendi dantza taldeko kideek eta bi elkarteen bateratzea du ardatz. Bihar gogoratuko dute dantza hori hainbat herritarrek.

Lan ildo berriak

Ordutik hona aldaketa asko izan dira gurean –ekonomikoak, politikoak, sozialak…– eta Loramendik erakutsi du badakiela aldaketa guzti horietara moldatzen. Hala, iaz, hausnarketa saio batzuen ondoren, lan ildo berriak ezarri zituzten, beti ere argi izanik helburua eta lan eremua euskara direla. Eta proiektu berriak lantzeko hiru lan talde sortu dituzte: Toponimia taldea; Sustapen taldea; eta Kultura taldea. Sortu bakarrik ez, lanean ere gogor dabiltza azken hilabeteotan, ekimen berriak eskainiz herritarrei.

Ospakizunen egitaraua

Abenduak 16

  • 22:00 Anari-ren kontzertua, udaletxe zaharreko atarian (taberna ere egongo da).

Abenduak 17

  • 11:30 Umeendako ekintzak, Herriko plazan.
  • 13:00 Bertso poteoa, udaletxe zahar parean.
  • 18:30 Ekitaldi nagusia, Iturrigorri pilotalekuan: bertso eskolako kideak; Beinke-Loramendi dantza; trikitilariak; txistulariak; perkusioa; eta argazki erraldoia.
  • 21:00 Afaria, Taberna Berri jatetxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak