Umeak herriko saltokietan kontsumitzearen garrantziaz ohartarazteko helburuarekin antolatu du lehiaketa Enplegu eta Garapen Ekonomiko sailak, eta herriko dendetan erostera animatuz, edota herriko komertzioetan erosteak dituen abantailak aipatuz egin behar zituzten esaldiok. Kurtzebarri eskolako eta Arizmendi ikastolako (Almen) 250 ikaslek hartu dute parte (Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. maila artekoak).
Epaimahaia osatu dute herriko bost merkatarik eta Enplegu saileko teknikariak, eta lan gogorra izan dutela aukeraketa egiterakoan aipatu dute. Baloratu dutena izan da: mezua, euskara (bertakoa baloratuz) eta irudimena. "Benetan esaldi politak jaso ditugu; batzuek esaera zaharrak erabili dituzue, beste batzuek abestietako zatiak, eta errima ere bai askok. Ez da gero batere samurra izan erabakia hartzea", esan zuen Argiñe Larrea teknikariak, sari banaketa ekitaldian.
Hona sarituak:
- 1. saria, Uxue Uribetxebarria: Urrutiko intxaurrak hamalau, hurreratu eta lau, herrixa maite dauenak bertakue gurau dau!
- 2. saria, Irati Lete: Atxabaltan erosi? Beinke!
- 3. saria, Laia Arriola: Gaur hemen eta bixar han, baina erosketak Atxabaltan!
Hiru irabazleek 50 euro, 30 euro eta 20 euroko txartelak jaso dituzte hurrenez hurren, herriko dendetan erabiltzeko. Gainera, irabazlearen esaldiarekin kartela egingo dute eta saltokietan banatu.
Horiez gain beste hiru esaldik aipamen berezia jaso zuten:
- Aitor Romero: Zertarako ibili hara eta hona, Atxabaltan badau asko eta ona?
- Nerea Garai: Aretxabaletako dendetan erostie denok badou nahixau, kaliek girotuko dittugu gero eta gehixau
- Markel Martiartu: Guk Atxabaltan, eta zuk?