Azaroaren 28an egindako osoko bilkuran aurkeztu zuen Bilduk euskal presoen eskubideen aldeko mozioa eta PSE-EE izan ezik gainerako alderdiak, Aralar eta EAJ, bat etorri ziren harekin.
Une historikoa bizi duela Euskal Herriak aipatu zuten: "ETA erakundeak borroka armatua behin betiko uzteko konpromisoarekin, ziklo politiko berri bati hasiera emateko oinarria sendotu da". Hala, normalizazio politikora bidean eman beharreko pausoen artean, besteak beste, euskal preso politikoen eskubideen errespetua bermatu beharko dela aldarrikatu zuten, Gernikako akordioan zehaztutako moduan: "Ezinbestekoa da, Euskal preso politikoen aurka aplikatzen den espetxe-politika etetea, konfrontaziorako estrategia gisa erabili da-eta. Era berean, honako neurri hauek hartzea, amnistiarako bidean lehen urrats moduan, gatazka politikoak eragindako preso eta iheslari bat bera ere egon ez dadin: Preso guztiak Euskal Herrira ekartzea, dispertsioarekin amaituz; gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea; epaituak izateko zain dauden preso prebentiboei behin-behineko askatasuna ematea; legeak ezarritakoak beteak dituzten zigortutako preso guztiei, baldintzapeko askatasuna ematea; legeak jasotzen dituen espetxe-onurak aplikatzea, murrizketarik eta arbitrariotasunik gabe; eta azkenik, zigorra betetzeko muga berrogei urtetan ezartzen duen legedia indargabetzea”.
Hori guztia kontuan hartuko, honako adierazpena onartu zuen udalbatzak:
1.- Udal honek, bizi dugun aukera historiko honen aurrean, Euskal preso politikoen eskubideen errespetua eskatzen du. Hala nola, besteak beste, dispertsioaren amaiera eta preso guztien Euskal Herriratzea, gaixotasun larriak dituzten presoen askatzea eta zigorra beteta dutenen askatzea.
2.- Udal honek datorren urtarrilaren 7an Euskal preso politikoen eskubideen alde burutuko den Manifestaldiarekin bat egiten du.
3.- Norabide horretan eta mobilizazio horren harira, abenduaren 16ean Udal honetako hautetsiek baraua egin eta gero kontzentrazioa burutuko dugu.
4.- Gure udalerriko eragile guztiei deialdia luzatzen diegu urtarrilak 7ko mobilizazioarekin bat egin eta beronen eskutan dagoena egin dezaten bere ekimen kultural, sozial edo kirolaren alorrekoen ordutegiak berau indartze aldera kokatu ditzaten.
5.- Herritarrei deialdi zabal eta anitza luzatu nahi diegu ezberdintasun politiko guztien gainetik giza eskubideen alde urratsa eman eta herri honek inoiz ezagutu duen mobilizaziorik handiena denon artean osatu dezagun.