Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna gogoan

Irati Goitia 2011ko abe. 10a, 14:15

 Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna dela gogoratzeko ekitaldia egin dute Aretxabaletako udalbatzako kideek gaur goizean, 12:00etan. Iturrizar plazan dagoen eskulturaren bueltan elkartuko dira eta bertan irakurri du Lore Martinezek adostutako testua.

Aretxabaletako Udalbatzak 2010eko martxoaren 12an hartutako konpromisoari jarraituz, Giza Eskubideen eguna izan dute gogoan Aretxabaletan. Bertan izan dira udalbatzako zenbait kide eta herritar. Beñat Zamalloak bi bertso abestu ditu eta Lore Martinez Bilduko zinegotziak testua irakurri du ondoren. 

Hona hemen Bilduk, Aralarrek, EAJk eta PSEk adostutako testua:

"Giza duintasunaren eta oinarrizko eskubideen lehentasuna aldarrikatzen dugu, haien zeinahi urraketari kontrajarrita. Agiri hau babesten dugunok berretsi egiten dugu gizaki guztien giza eskubide guztiekiko behin betiko konpromisoa.

Giza eskubideen urraketen artean, gogoratu behar dugu, emakumeen diskriminazioak sufrimendu handia eragin duela iraganean, eta oraindik ere emakumeek bidegabekeria eta indarkeriak jasaten dituztela.

Hala ere, eta hau ahaztu gabe, Euskal Herrian aurtengo Giza Eskubideen Nazioarteko eguna oso berezia dela aipatu nahi dugu. Garai berri, itxaropentsu eta ilusionagarri bat bizitzen ari gara. Horregatik, gaurko ekitaldi honetan hauek azpimarratu nahi ditugu:

  • Urratu den giza duintasuna berreskuratzea da lehentasun nagusia.
  • Gure lehen konpromisoa da giza eskubideen aurkako biktima guztiekiko elkartasuna.
  • Egindako min guztia aitortu, biktima guztien erreparazioa eta etorkizuna elkarbizitza onean oinarritzea, adiskidetasunean.
  • Herri honetan, denok elkarrekin lan egin behar dugu gertatutakoa bere osotasunean jaso eta inoiz ez ahazteko, gaurko egoera nola bideratuko dugun adosteko eta inongo giza eskubideen urraketarik sekula berriro gertatuko ez dela bermatzeko.
  • Aretxabaletako Udalbatzak konpromisoa hartzen du, bide honetan, atxabaltarron elkarbizitza onaren alde lan egiteko.

Giza Eskubideen Gune honek, hain zuzen ere, bakerako, hausnarketarako, elkar-ulertzeko, eta baloreetan oinarritutako gizarte bat eraikitzeko haziak ereiteko gunea izan nahi du. Gaur hemen bildu garenon esku dago, Aretxabaleta, giza eskubideak defendatu, errespetatu eta aldarrikatzen dituen herri erreferente izatea".

Lore Martinezek, bestalde, datorren urteko abenduaren 10ean ere leku berean biltzeko deia egin du "Giza Eskubideak denok defendatu eta aldarrikatu behar ditugula gogoratzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak