Atzoko saioan goizaldeko 6etan jaiki ziren espedizioko hiru kideak, gosaldu eta abian jarri eta bi ordu igaro ostean hasi ziren kometak erabiltzen. Haize gutxiko egunak izaten ari dira, gutxienez 15 kilometro orduko haizea behar dute trineo pisutsuak mugitu ahal izateko, eta momentuz ondo konpontzen dabiltza, nahiz eta gura baino mantsoago doazen.
Baina hori da dagoena, hiru lagun erabateko autonomiaz, Novozalevskaya basetik Hercules baseraino bidea egiten, Hego Polotik igarota. 20. jardunaldia egin dute, eta oraindik 1.700 kilometro geratzen zaizkie aurretik.