Udal hautetsiek barau egingo dute abenduaren 16ean Euskal presoen eskubideen alde

Mirari Altube Arrese 2011ko abenduaren 5a

Bost mozio eztabaidatu zituzten udalbatzako kideek joan den asteleheneko ohiko osoko bilkuran. Horien artean Euskal presoen eskubideen aldekoa zegoen eta onartu egin zuten; hala, Udal hautetsiek barau egingo dute abenduaren 16an.

Azken bilkuretan izan ez den Ainhoa Sagarribai alderdi sozialistako zinegotziak bi mozio aurkeztu zituen, biak zaborraren gainekoak. Atez ateko bilketaren aurka egin zuen hark esanaz "atzerapausoa dela bai osasungarritasun, bai eraginkortasun ekonomikoari dagokionean" baina ez zuen babes handirik lortu, EAJrena bakarrik.

Bilduk erantzun zion "atez atekoaren gaineko azterketa egiteari bakarrik ere uko egiten diola mozioak, eta aukerarik eman ez beste sistema batzuk aztertzeari"; horregatik kontra bozkatu zuen. Beste horrenbeste egin zuen Aralarrek esanaz, "ez da momentua; eta mankomunitate barruan aztertu beharko litzateke kontua".

EAJk aurkeztutako Beasain-Bergara autobidearen lanek aurrera egiteri, ostera, baietza eman zioten kide guztiek.

Euskal presoen eskubideen alde

Bestalde, Bilduk aurkeztutako Euskal presoen eskubideen aldeko mozioaren kontra egin zuen PSE-EEko zinegotziak: "ETAk min larregi eragin du eta ezin dira ahaztu biktimak". Gainerakoek onartu egin zuten, eta hainbat konpromiso hartu; tartean, abenduaren 16an udal hautetsiek barau egitea eta ondoren elkarretaratzea (12:00); eta urtarrilaren 7an Euskal presoen eskubideen alde egingo den manifestazioarekin bat egitea.

Euskararen Nazioarteko Egunaren gaineko aldarrikapena ere onartu zuten, PSE-EEk mozio horren aurka bozkatu bazuen ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak