Uholde berdea iritsi zen Iturrigorri pilotalekura

Mirari Altube Arrese 2011ko abenduaren 2a

Bihotzez ikasi lelodun kamiseta berdeak aldean, Kurtzebarri eskolako kide guztiek Udazken Jai berezia ospatu zuten atzo iluntzean, Iturrigorri pilotalekuan. Jaia borobiltzeko flashmob-a egin zuten; ikasle, irakasle eta gurasoak, guztiak dantzan.

Urtero ospatzen dute Udazken Jaia Kurtzebarri eskolakoek baina aurtengoa berezia izan da; izan ere, oparia ekarri zien udazkeneko haize gozoak, kamiseta berdea. Iñaki San Miguel gurasoak egin du horren diseinua eta lelo berezia jarri diote: Bihotzez ikasi

Eta Bihotzez ikasi abestia ere egin dute. Maixa Lizarribar trikitilari ezagunak, jarri dio musika kantuari eta Ekain Martinez de Lizarduy irakasleak letra. Doinu horiek oinarri hartuta, ostera, dantza asmatu du Onintze Azpeitia irakasle ohiak eta guztien artean,  ikasle, irakasle eta guraso, flashmob-a grabatu zuten.

Behin dantza bukatuta urtero legez egin zuen aurrera Udazken Jaiak, buzkantza goxoak eta gaztaina erreak janda. Ezin falta gainera, lekaixo erakustaldia. Ikasleek gogotsu jardun zuten irrintziak botatzen, dotore bota ere. Gurasoei, ostera, kosta egin zitzaien eta gutxi batzuk animatu ziren

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak