GOIENA astekariko Aretxabaletako atalean eta goiena.net atarian galdera bi botako dituzte Loramendiko kideek hamabostean behin, gaur hasita –azpian lehenengo galderak–. Eta biek euskararekin eta Aretxabaletarekin izango dute zerikusia. Bi eratako galderak izango dira: irekiak eta aukera anitzekoak.
Erantzunak bideratzeko astebeteko epea izango dute herritarrek, eta hiru bide helarazteko: postaz –Aretxabaletako 96 posta kutxatilara bidali–, posta elektronikoz –lehiaketatxabalta@gmail.com– edo Loramendi Elkartera eroan (16:00-20:00).
Ekainean, erantzun zuzen gehien eman dituen parte-hartzaileak saria jasoko du. Baina ez da izango oparia jasoko duen bakarra; lehiaketan parte hartu duten guztien artean zozketa egingo dute eta saria eman.