Idoia Elexpuru: "Aretxabaletan modelo ederrak ditugu, beti laguntzeko gertu egoten direnak"

Xabier Urtzelai 2011ko abenduaren 4a

Aretxabaletan Belar-Meta dendan aurkituko duzue Idoia, hurrengo erakusleihoa zein izango den pentsatzen; edo Aramaion, margo eskolak ematen. Ibarra futbol zelaian, futbol taldea animatzen, edo... Idoia Elexpuru (Aretxabaleta, 1969) ez da geldi egoten den horietakoa.

Zelan okurritu zitzaizuen denda kanpoan, Durana kalean, desfilea egitearen kontua?
Jendea probokatzea polita da, ahal dugun neurrian euren atentzioa lortzea. Erakusleihoa aldiro aldatzea izan daiteke modu bat, edo desfile bat egitea. Aretxabaletako jendea prest egoten da laguntzeko, horregatik gustatzen zait bertako jendea, eta halaxe hasi ginen, herritarren laguntzarekin desfile bat muntatu eta zerbait berezia egiten.

Nondik datorkizu modarekiko zaletasuna?
Betidanik gustatu izan zait. Begietatik sartzen zait dena; detaile txikietan jartzen dut arreta, baina ez moda kontuetan bakarrik, margolaritzarekiko zaletasuna ere horregatik datorkit, dekorazio kontuak...

Eta dendako erakusleihoa zaintzeko mimo hori?
Baliteke pinturarekiko dudan zaletasunaz harremana izatea. Koloreak, koloreen arteko oreka... Lehenago komentatu duguna, begietatik sartzen zaizkit gauzak, eta garrantzia ematen diot.

Zelan janzten dira aretxabaletarrak?
Geroago eta hobeto. Eta, batez ere gizonezkoek, egin dute aurrerapauso handia. Badaude arropak emazteak edo amak erosten dizkietenak, baina geroago eta gutxiago. Eta herriko komertzioak hori du ona, besteak beste, gauzak etxera probatzera eramateko konfiantza izaten dugula.

Miss España lehiaketan hautagai gipuzkoarrak kritikak jaso ditu, ze pertsonaia historikorekin afalduko lukeen galdetzerakoan Victoria's Secret etxeko sortzailearekin erantzun zuelako. Erantzuna alde batera utzita, zer dute etxe horretako desfileek, bada?
Ikusgarriak direla, oso politak. Barruko arropak erakusten dituzte, lentzeria, baina oso modu ikusgarrian. Bitxiekin egindako bularretakoak, kolorea eta diseinu berritzailea nahi beste... Diseinu horiek politak dira erakusteko, baina egunero erabiltzeko...

Aukeratzen dituzten modeloak ere ez dira nolanahikoak...
Diru mordoa gastatzen dute top model-ak ekartzen, emakume ikusgarriak izaten dira.

Zuen desfileko modelo aretxabaletarrak ez dira atzean geratuko, bada.
Ez, guk ere modelo ederrak ditugu, laguntzeko gertu dagoen jendea. Guri, baina, jende normalagoa gustatzen zaigu, guapoak direnak, horren ederrak ez direnak, gorputz polita dutenak, sendotxoago daudenak, argalak... Hurrengo desfilea egiten badugu gustatuko litzaidake nagusiekin egitea. Ikusiko dugu...

Aramaion 70 ikasle dituzu margolaritzako eskoletan. Badator artistarik?
Bai, bai, abilezia duten gazte asko daude. Dena dela, margolarien, eta orokorrean, artisten mundua ez dago oso baloratua. Nik eskolaz kanpoko jarduera moduan ematen dut margolaritza, gaztetxoetatik hasi eta 17 urte inguru dituzten ikasleetaraino. Hau da, nik ez ditut matematikak erakusten eta gazteek beste jarrera bat izaten dute eskolan. Hori bai, eskola horietatik zer ikasten duten, bada, bakoitzak gauza diferentea, seguru. Baina, euren hezkuntza prozesuan eraginen bat izan badut, bada, ondo.

Gabonetarako erakusleiho lehiaketarako gertu?
Parte-hartzeko asmoz goaz, eta erakusleihoan ipuin bat irudikatzeko asmoa daukat, ez da sekretua. Baina, erakusleihoa aldiro aldatzearen aldekoa naiz, gustuko dudalako eta jendearen arreta piztea atsegin dudalako. Uste dut ahalegin hori egin behar dugula dendariok, jendea gure komertziora sartzera gonbidatu. Askotan lotsagatik ez da jendea dendara sartzen, gero ezer erosiko ez duten beldurrez edo... Dendariok gure duguna da jendeak sartu-irtena lasai egitea: sartu, ikusi, ukitu, usaindu... eta ezer gustatu ez bazaizu, bada, hurrengoan izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak