Euskaldunok, euskaraz dakigunok, gure hizkuntzaren etorkizunean pieza estrategikoa garela. Euskaraz hitz egiteaz harro sentitu behar dugula eta euskaraz dihardugunean gustura sentitu behar dugula. Mezu hori zabaldu gura diete aretxabaletar guztiei eta horixe izango da aurrerantzean euren lana. "Gure nahia da aretxabaletarrek, eta batez ere euskaraz dakitenek, egin dezatela berba euskaraz, eta gustura egin dezatela, gainera", esan digute.
Gaurtik bertatik lanean
Datozen egunotan, akaso, aretxabaletar bat baino gehiago gogoratuko da ideia horrekin. Izan ere, mezu adierazgarriak idatziko dituzte herriko hainbat lekutan. Mezu laburrak, umoretsuak, goxoak eta zuzenak izango direla aurreratu dute.
Horrez gain, GOIENA paperean lehiaketa bat hasiko dute gaur bertan eta herriko euskara, historia, geografia eta kulturari buruzko galderak egingo dituzte.
Ikuskizun eran ere etorriko da Sustapen Taldearen mezua. Urtarrilaren 28an Euskararen Espektakulua egingo dute Arkupen. Oihan Vegak aurkeztutako saio umoretsua izango da eta aretxabaletarrek euskararen erabileran ondo eta gaizki egiten dituzten jarduerei buruzko hausnarketa izango da. Asmoa da hiru saio egitea eta 300 lagunek ikusi ahal izatea.
Azkenik, maiatz inguruan, maratoi erako kontzertua egingo dute eta euskaraz kantatuko dute herriko musikari eta taldeek.
Gogora ezazue geuk egiten ez badugu inork ez duela egingo gure partetik; geuk daukagu giltza.