Euskararen Nazioarteko Eguna girotuko dute gaur umeak lagun hartuta; musika eta aurpegia margotzeko tailerrak jarriko dituzte plazan (18:00).
Bihar, egubakoitza, amodiozko sms mezuen lehiaketako sari banaketa ekitaldia egingo dute gaztelekuan (18:30). Lehiaketan parte hartutako guztiei egin diete dei eta orduantxe emango dute irabazlearen berri; baita saria eman ere, HTC Wildfire poltsikoko telefonoa. Ondoren, kontzertua eskainiko du Freedom boys taldeak.
Zapatuan (18:00) irrati tailerra egingo dute: Gaztiak euskaraz zertarako? gaiaren gainean hausnartzeko; eta domekan, hilak 4, euskal film laburrak emango dituzte (18:00).
"Euskaraz bizi nahi dut" aldarrikapena
Udalbatzak Euskararen Nazioarteko Egunari begirako mozioa onartu zuen astelehenean egindako osoko bilkuran. Euskararen alde egotetik euskaraz bizi nahi dut barneratu beharra aldarrikatu zuten eta "erdaraz egitetik euskaraz egitera pasatu".
Hainbat konpromiso hartu zituen gainera, "euskarazko elebitasuna praktikan jartzeko":
- Udal honek bere eskuetan dagoen guztia egingo du zerbitzu publikoak eskaintzen dituzten langileen euskalduntzea bultzatu eta bermatzeko.
- Udal honek bere eskuetan dagoen guztia egingo du zerbitzu publikoak eskaintzen dituzten langileen lehen hitza beti euskaraz izan dadin.
- Udal honek bere eskuetan dagoen guztia egingo du bere barne funtzionamendua euskaraz izan dadin.
- Udal honek udalerri honetako euskal komunitateak dituen hizkuntza eskubide indibidual eta kolektiboak bermatze aldera, gure herrian eta atal zein arlo guztietan, euskaraz bizitzeko eskubidea helburu duen plangintza integrala garatzeko konpromisoa hartzen du.