Rally txapelketetarako auto bat puntuan jartzen ari dira Lanbiden

Amaia Txintxurreta Guridi 2011ko azaroaren 30a

Euskal Herriko Automobilismo Federazioarekin elkarlanean ari dira gertatzen autoa eta egubakoitzean Valentziara eroango dute bertan jokatuko den txapelketa baterako. Txapelketa horretan, gainera, auto horren gidaria Miguel Fuster Espainiako txapelduna izango da.

Lanbidekoak Euskal Herriko Automobilismo Federazioarekin elkarlanean ari dira gertatzen serieko automobila rally txapelketetarako eta gaur goizean Lanbiden bertan izan da federazioko presidente Angel Gurrutxaga.

 Auto hori orain arte Txus Jaiok probatu du eta egubakoitzean, esan moduan, Valentziara eramango dute. Miguel Fuster Espainiako txapeldunak gidatuko du auto hori domekan jokatuko den Valentziako Abarth Kopan. "Proiektuarendako ona da horrelako txapeldun batek autoa gidatzea", esan du Gurrutxagak.

Valentziako txapelketaren ostean, baina, Galiziara eroango dute beste lasterketa batera.

Lanbidekoak pozik

Lanbideko ikasle eta irakasleak oso pozik daude lasterketa kotxe bat euren eskolan ari direlako prestatzen; Joseba Beristain irakasleak esan digu ikasleendako oso motibagarria dela eurak egunero ikasten ari diren gauzen erabilgarritasuna ikusten eta aplikatzen ari direlako.

Lasterketen ostean, asmoa da kotxea berriro Lanbidera eroatea abenduaren erdialde ingururako eta orduan ere aldaketa eta hobekuntza berriak aztertu eta egingo dituzte datorren urteko koparako gertatzeko.

Lanbidek beste modu batzuetako proiektuak egin izan ditu orain arte, baina lasterketetako kotxeekin egin duten lehenengo proiektua hauxe izan da. Etorkizunean espero dute horrelako gehiagotan parte hartzea ikasleen prestakuntzarako oso positiboa dela uste dutelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak