Ritxar Bacete: "Maskulinotasun modelo homogeneoak mugak jarri dizkio gizonari"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko azaroaren 29a

Hilaren 25ean Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguna izan zela aprobetxatuta, Gizonduz elkarteko Ritxar Bacena izan zen Aretxabaletan. Berdintasunaren alde gizonezko taldeek egiten duten lana azaldu digu.

Noiz sortu ziren berdintasunaren aldeko gizonezkoen taldeak?
Berdintasunaren aldeko gizonezkoen taldeak orain dela 20 urte inguru hasi ziren lanean, bai hemen eta baita nazioarte mailan ere. Orain arteko lana hausnarketa pertsonala eta norberaren jarreraren aldaketa izan da. Badaude hainbat gertaera mugarri izan direnak; esaterako, 89.urtean Kanadako unibertsitate baten izandako hilketa bat. Matxismoak hil egiten zuelako konturatu ziren; hortaz, nork bere buruarekin egiten duen lanaz gain, ikusi zuten beharrezko zela kanpora begirako lana egitea. Gizonezkoen taldeak mugitzen hasi ziren sentsibilizazio aldetik bakarrik ez, baita denuntzia publikoak egin eta emakumeei elkartasuna adierazten ere.

Ze egiten dute talde horiek?
Estatuan mugarria izan da Bartzelonan urrian egin genuen jardunaldia. Mugimenduan sartuta gauden talde guztiak elkartu ginen eta proposamen batzuk zehaztu genituen. Orain, bi ardatz horiekin lanean gabiltza: bata, urriaren 21a biolentzia matxistaren aurkako gizonen aldarrikapen eguna izatea; eta bestea, martxoaren 19a aita berdintasunaren eguna izatea. Hau da, biolentziaren aurkako konpromisoa hartu dugu, baita konpromiso handiagoa etxeko zaintzan. Lehen aldia da testu bateratu bat egiten duguna.

Orain arte, gizonezkoen lana ezkutuan egon da. Zergatik?
Estatuan, erakundeetan gizonak berdintasunean hezteko dagoen lehenengo erakundea da Gizonduz, emakumearen euskal erakundeak sortua. Estatuan bakarra da. Jerezko Udala izan zen aitzindaria, baina gobernu mailan hau da lehenengoa.
Zergatik? Orain arte ez da masa kritikorik egon berdintasunaren alde lan egin duena. Izan ere, orain arte gizonak ez dira sentsibilizatu, berdintasunik ezak onurak izan dituelako gizonendako. Onurak dituzunean ez dituzu galdu gura, mantendu egin gura dituzu. Feminismoaren borroka bestelakoa izan da, eskubideak aldarrikatu dituzte, baina gizonok  berdintasunaren alde egiten dugu, eta pribilegio batzuk galdu.

Zer irabazten dute gizonezkoek berdintasunarekin?
Pribilegioak galduko ditugu, baina ardurak irabaziko ditugu. Kaliforniako unibertsitate batean 15 urte dihardute ikerketa bat egiten: berdintasunaren aldeko jarrera duten gizonezkoak –umeak zaintzeko lanaldi murriztuan daudenak, etxeko nagusiak zaintzen dituztenak…– eta jarrera matxistagoa dutenak aztertu dituzte. 6.000 dolarko aldea dago bi talde horien artean. Berdintasunaren aldeko jarrerak denbora kentzen dizu erakunde bateko presidente izateko, edo gerente izateko… beste ardura batzuk zure gain hartu dituzulako.

Euskal Herrian, nor izan da borroka honetan aitzindaria?
Xabier Odriozola izan da aitzindaria. Orain dela 20 urte hasi zen lanean eta hainbat talde sortu zituen. Gaur egun, gizonezko talde hauetan lanean gaudenok badugu nolabaiteko zorra Xabier Odriozolarekin.

Hitzaldietan, zer galdetzen du jendeak?
Aretxabaletan, adibidez, galdetu zuten ea zergatik eskaintzak izan arren hainbat emakumek ez dituzten gura ardura postuak. Hori gertatzen da, batez ere, etxekoak zaintzen dituztelako. Norbaitek zaintza horiek egiten baditu, konturatuko da lehenengo galtzen dena denbora dela, bai norberarendako eta baita beste gauza batzuk egiteko ere.
Gizonek ez dute argi izaten zertaz ari garen, ez dute onartzen jaso dugun heziketa sexista, ezta jaso dugun maskulinotasun modelo homogeneoak jartzen dizkigun mugak ere. Adibidez, neskatilak dituzten aitek beste modu batera ikusten dute hori. Berdintasunik eza ezberdin ikusten da norberaren alaba bada biolentzia edo esplotazio hori jasan dezakeena.

Gaur egungo gazteek nola bizi dute berdintasun hori?
Datu esanguratsua da biolentzia matxistaren gehiengoak 30 urte baino gutxiago dituela. Horrek esan gura du gazteak matxistagoak direla? Nik uste dut eredua aldatu egin dela. Gaur egungo telesailetan agertzen diren gizonezko hipermaskulinoak, edo Crepúsculo filmeko maitasun erromantikoa, sexista eta klasikoa dena. 

Eta garapen sozialean ze onura du?
Maskulinotasun homogeneoak daukan kostua ikertu beharko genuke. Aste bukaera baten 20 lagun hiltzen badira motor istripuan, denak gizonezkoak dira; edo Toledoko minusbaliotasun ospitalean bizkarrezurra apurtuta dutenen %90 gizonezkoak dira; biolentziaz jokatzen dutenak edo delituak egiten dituztenen %93 gizonezkoak dira… horrek guztiak kostu bat dauka gizartearendako. Eredu maskulino baten ondorioa da hori guztia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak