Auzo alkateak hasi dira lanean

Mirari Altube Arrese 2011ko aza. 28a, 14:15

Elkar ezagutu eta lanean hasteko lehenengo batzarra egin dute auzo alkateek Ana Bolinaga alkatearekin. Auzoetako beharren berri ere jaso du Bolinagak, nondik hasi lanean jakiteko. Hurrengo hitzordua abenduaren 20an dute.

Hona izendatu berri dituzten auzo alkateak:

  • Izurieta auzoa: Iñaki Oraa Arenaza
  • Galartza auzoa: Angel Aldai Mendizabal
  • Goroeta auzoa: Jesus Mari Madinabeitia Jauregi
  • Arkarazo auzoa: Igor Guenetxea Mondragon
  • Oro auzoa: Xabier Arbulo Ugarteburu
  • Areantza auzoa: Juan Jesus Anduaga Arenaza
  • Aozaratza auzoa: Aitor Apraiz Arenaza
  • Larrino auzoa: Isidro Uriarte Bengoa
  • Apotzaga-Etxebarri auzoa: Julio Orueta Trojaola

Bederatzi auzo alkateak zeuden deituta batzarrera joan den eguaztenean, hilak 23, baina sei elkartu ziren –Larrinokoa, Aozaratzakoa eta Apotzaga-Etxebarrikoa ez ziren egon–. Bolinaga alkateak egin zien harrera eta harekin batera Bilduko hainbat zinegotzi zeuden, tartean Lore Martinez Ingurumenekoa eta Edorta Mendieta Hirigintzakoa.

Eskaera batzuk orokorrak izan ziren, auzoen argiztapena esaterako, eta beste batzuk zehatzagoak, tartean, posta zerbitzua hobetzea Izurietan; auzo lokala konpontzeko laguntza eta antzinako bide publikoak behar bezala izendatu eta markatzea Galartzan; elizaren alboan dagoen lursailean aparkalekua egitea, Goroetan; postontzia eta errepidean ispilua, Oron; eta hainbat garbitze lan egitea, Areantzan.

Auzoetara bideratzeko zenbat diru izango duten oraindik ez dakite Udal ordezkariek "aurrekontua zehazten gabiltzalako oraindik", baina alkateak onartu zuen murrizketak egongo direla "arlo guztietan legez". Hala ere, auzotarren "eskaerak erantzuten saiatuko dira" Udal ordezkariak.

Aizkorri-Aratz parkea

Aizkorri-Aratz parkearen gainean ere egin zuten berba Udal ordezkariek auzo alkateekin. Lore Martinez Ingurumen zinegotziak parkearen mapa aurkeztu zien, Aretxabaletako lurretan zelan banatu duten ikusteko. Natura parke horren Erabilera eta Kudeaketa Arautzeko Planaren gainean ezer dakiten ere galdetu zien zinegotziak, eta batzuek Aldundiko teknikariek Eskoriatzan egindako batzarrean egon zirela aipatu zioten: "Baina ezer gutxi argitu zuten orduan".

Parke horrek herriko hainbat auzori eragingo die, tartean Goroeta, Areantza eta Larrinori, eta auzotarrekin eta parke barruan lursailak dituztenekin kontu horren gainean jarduteko eskatu zien Martinezek auzo alkateei. Plan horri iradokizunak egiteko epea dagoeneko bukatuta dago, baina argibideak ematen jarraitzeko asmoa daukala Aldundiak aurreratu zien, eta auzotarren iritziak jasoko dituztela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak