Opariarekin etorri da udazkeneko haizea Kurtzebarri eskolara, eta halaxe jakinarazi dute bertako kideek: "Oparia denon neurrikoa da; denok erabili, disfrutatu, jolastu eta maitatzeko modukoa". Berde-berdea dela aurreratu dute, baina baduela beste kolore guztiak sartzeko moduko bihotz handia: "Guztion sentimendu, amets eta gogoekin taupatzen duen bihotz zabal-zabala". Maitasunez bihotzez ikasi leloa duen kamiseta da opari berde hori. "Euskalduna da Kurtzebarriko bihotza eta euskara du bere hizkuntza", eta gaineratu dute: "Liburu artean hazi eta ikasten ari den bihotza da".
Abenduaren 1ean estreinatuko dute kamiseta, urtero egiten duten Udazkeneko Jaian, hain zuzen. Ikasle, guraso eta irakasleak, gainera, flashmob-a egiteko elkartuko dira.
Lan talde handia atzean
Kamisetaren diseinuan Kurtzebarriko lagun asko elkartu dira: Miren Berezibar eta Leire Gorostiza, ideia garatzen; Iñaki San Miguel, kamisetaren diseinua egiten; Maixa Lizarribar, musika jartzen; Ekain Martinez de Lizarduy, abestiari letra idazten; Onintze Azpeitia, koreografia asmatzen; eta Ohiane Agirre, grabazioa zuzentzen. "Eta, zelan ez, guzti honen hauspoa izan diren eskolako ikasle, guraso eta irakasleak", gaineratu dute.