Sute txikia izan zen Basotxon baina "oso larria" izan zitekeen

Mirari Altube Arrese 2011ko aza. 25a, 11:44

Basotxo erretiratuen egoitzan sute txikia izan zen joan den eguen iluntzean. Ezezagun batzuek kanpoaldean egin zuten sua, baina barruraino sartu zen gero, eta ezer larririk gertatu ez arren "oso larria" izan zitekeela esan du Ana Bolinaga alkateak. Horregatik, "neurriak" hartuko dituela Udalak, jakinarazi du alkateak.

Azaroaren 17an, 21:00ak inguruan, Basotxoko taberna ixtear zegoela ke usaina hartu zuen bertako langileak, eta sukaldeko bazterrak kez betetzen zebiltzala ikusi gero. Larrialdi zerbitzuetara deitu eta segituan etorri ziren suhiltzaileak. Horri eskerrak, ez zen ezer larririk gertatu: "Baina sua egin zuten lekuan gas hodi bat dagoenez oso larria izan zitekeen", argitu du Bolinaga alkateak. Gainera, gasa hoditik ateratzen hasita zegoen eta suhiltzaileek berehala itxi zuten pasua: "Zortea izan dugu, itxita egon izan balitz taberna, auskalo zer gerta zitekeen-eta, inor ez delako geratzen bertan".

"Bihurrikeria larria"

Basotxo egoitzaren atzeko parteko leiho batean sortu zen sua: "Atzeko parte horretan gazteak egon izan dira, eta sua ere egin izan dute aurretik, baina beti lurrean. Oraingoan, leihoko apalean egin dute, gas hodi baten alboan, gainera. Gaztetxoen bihurrikeria bat izan da baina benetan larria, 15 eta 17 urte arteko gaztetxo horiek badakitelako non dagoen arriskua".

Suteak ez du zauriturik eragin baina Basotxon hainbat kalte sortu ditu: leihoa, sabai zatia eta hainbat lanpara erreta; sabaia, hormak eta kanpoaldea belztuta; gasaren giltza aldatu beharra… Oraindik ez dute kostua zehaztu.

Bestalde, alkateak jakinarazi du Basotxoren atzeko parte guztia garbitu egingo dutela eta bertako zuhaixkak kendu "horien atzean ez daitezen gorde bihurrikeriak egiteko". Eta ikerketa abiaraziko dute neurriak hartzeko gero.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak