Alex Elortondo hirugarren izan da urritasunak dituztenen arte martzialen txapelketan

Mirari Altube Arrese 2011ko azaroaren 23a

Urritasunak dituztenen IV. Arte Martzialen Nazioarteko Txapelketa jokatu zuten joan den zapatuan, Donostian. Estatutik eta Italia, Frantzia eta Alemaniatik etorritako 41 parte-hartzaile elkartu ziren, tartean Aretxabaleta Kirol Elkarteko Alex Elortondo karate jokalaria. Hirugarren postuan geratu zen aretxabaletar gaztea.

Urritasuna kontuan hartuta egin zituzten karate jokalarien taldeak: urritasun fisikoak zituztenak 5; adimen urritasunak zituztenak 28, horien artean 20 Down sindromedunak; ikusteko arazoak zituztenak 4; eta entzumen arazoak zituztenak beste 4.

Txapelketa horren antolatzaile diren Donostiako Bera Bera Elkarteko kideak oso pozik agertu ziren parte-hartzearekin: "Nazioartean halako parte-hartzea duen txapelketarik ez dago egun". Eta gaineratu zuten: "Eskaera egon badago, baina karate federazioek ez dute urritasunak dituztenendako ekimenik antolatzen".

Aretxabaleta Kirol Elkarteko karate taldeko arduradun den Odilo Vazquezek eskerrak eman gura dizkie antolatzaileei: "Urritasunak dituztenak karatearen bitartez integratu gura dituztelako". Era berean, Alex Elortondo zoriondu gura du, beste behin ere postu bikaina eskuratu duelako txapelketan: "Zorionak, Alex, eta segi aurrera. Zu bai zarela handia!"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak