Sustraiak han dituenak da ikuskizunaren izena, sustraiak non?
Atzera begiratu bat da saioa; oso bizkor bizi gara egun eta etenalditxoa egitea komeni izaten dela uste dut. Aurrera begiratu beharra dago, baina nondik gatozen ahaztu barik, hau da, norberaren sustraiak ahaztu barik.
Sustraiek jatorria adierazten dute, baina era berean, uneoro gabiltza egiten sustrai horiek: koadrilan, lantokian…
Iazko Harri irratixe saioaren bigarren zatia da?
Bai, lehenengo hura egin barik hau ez litzatekeelako izango.
Eta zer daukate berdina eta zer ezberdina bi ikuskizunek?
Ikuslearendako oso antzekoak dira, egitura berdintsua dutelako: musika, bideoa eta bakarrizketa umorea erabilita. Baina gaiak oso diferenteak dira. Lehenengoan neure gustuko musika erakutsi nuen, eta oraingoan, ideiak nituen buruan eta horien zerbitzura erabili dut musika.
Zein gai landu duzu?
Hiru daude: lehenengo zatian, mestizajea; bigarrenean, umorea; eta hirugarrena omenaldiz beteta dago. Baina ez dut pista gehiago eman gura, garrantzitsua delako ezustean hartzea ikuslea.
Eta zeinendako da bakarrizketa?
Edonorendako, entretenitzea beste helbururik ez duelako. Hala ere, gaiak oso landuak daude.Hori bai, ikusle bakoitzak era ezberdinean jasoko ditu gertatutako bideoak eta esandakoak.
Mezuren bat bidali gura duzu, ala?
Mezua? Norberaren bizitzan etenaldia egiteko proposamena egiten diet ikusleei, besterik ez. Sasoi bateko bizimodua eta oraingoa zenbat aldatu den hausnartzen dut, eta horretarako barruko kontu asko atera ditut. Gogorra ere izan da egia esan, eta eguenean, esaterako, asko hunkitu nintzen une batzuetan.
Halako ikuskizun bat moldatzeko ideiak nondik jasotzen dituzu?
Musikazalea eta zinemazalea naiz; bideo klipen jarraitzaile amorratua, istorioak musikarekin kontatzen dituztelako. Eta horietatik jasotzen ditut ideia asko.
Iaz hasi zinen bakarrizketak egiten eta dagoeneko bigarrena etorri da; hortik jotzeko asmoa duzu?
Antzerki mundua betidanik izan dut gustuko; urtean birritan, esaterako, Madrilera joaten naiz antzerkiak ikustera. Eta egiteko ilusio hori ere beti izan dut. Orain arte Aratusteetan ase izan dut gose hori, baina neure kabuz lanean hastea pentsatu dut, taldean lan egitea zailagoa da eta.
Bakarrizketa-egilea, showmana… zer zarela esango zenuke?
Etxeko pailazoa naizela esan izan dut. Okerrera hartzen da pailazo berba, baina nik buelta eman gura diot. Etxe bakoitzean pailazo bat izatea komeni dela uste dut, gainera.