'Emakumeenganako indarkeriari ez' astea hilaren 21etik 24ra

Mirari Altube Arrese 2011ko azaroaren 18a

Hausnarketarako hitzorduak egin dizkie Berdintasun Sailak eta Gizarte Zerbitzuek herritarrei Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela azaroaren 25ean gogoan izanda. Antzezlana, hitzaldia eta filma eztabaidarekin izango dira astelehenean hasi eta eguenera bitartean.

Emakumeenganako indarkeriari ez leloarekin antolatu dituzte ekimenok, izan ere, "emakumeen aurkako indarkeria, munduan gehien gertatzen den giza eskubideen bortxaketa nagusiena da", diote antolatzaileek.

Astelehenean Las Torpedolevel eta Ireki teatroaren eskutik Amores y desamores antzezlana izango da Arkupen (19:00); maitasunaren eta harremanen gaineko elkarrizketa eskainiko dute umorea nagusi dela.

Martitzenean, ostera, hitzaldia egingo dute Gizonduz elkarteko kideek (19:00): Gizonak emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean. Emakundek bultzatutako ekimena da Gizonduz eta haren helburua da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde gizonak kontzientziatzea, horretan inplikatu eta parte har dezaten sustatzea.

Eta eguenean, hilak 24, Nagore filma eskainiko dute (19:30) eta ondoren eztabaida saioa egin Jaione Juaristi psikologoak gidatuta. 2008ko San Ferminetan Iruñean eraildako Nagore Laffage gaztea berbagai hartuta indarkeriaren gainean hausnartzea da asmoa. Hain zuzen horixe egingo dute eguerdi partean Kurtzebarri institutuko ikasleek ere.

Laguntza behar izanez gero

Berdintasun Sailak eta Gizarte Zerbitzuek, gainera, emakumeek eskura dituzten zerbitzuen berri eman gura diete herritarrei. Arriskuan egon eta babesa behar izanez gero: larrialdietako 112 telefono zenbakia; Arrasateko ospitaleko larrialdi zerbitzua; eta Bergarako komisaria.

Eta larritasunik ez dagoenean: 900 840 111 –egunero 24 orduz; debaldekoa, isilpekoa, konfidentziala eta ez da fakturan agertzen–; eta Aretxabaletako Gizarte Zerbitzuak –943 71 18 62–, aholkularitza eta laguntzen gaineko argibideak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak