Hasi dute Antartikako zeharkaldia

Xabier Urtzelai 2011ko azaroaren 17a

Naturgas BBK/Transantartika espedizioko kide Iñurrategik, Vallejok eta Zabaltzak hasi dute zeharkaldia. Atzo, eguena, goizaldeko 03:00etan iritsi ziren Novolazarevska basera hegazkinez (Euskal Herrian 04:00ak zirenean, ordubeteko aldea dago), eta 3-4 orduz lo egin eta gero goizean hasi zuten espedizioko lehen etapa. Hala, hirukoteak ez du lasai hasteko aukerarik izan, lehenengo jardunaldian sekulako egurra jaso dute-eta.

Lo apur bat egin eta gero, botak jantzi, eskiak hartu eta 180 kilotako trineoei tiraka zeharkaldi luze, hotz, eta bakartiari ekin zioten espedizioko kideek, atzo. Buruan zeregin garbia, 3.700 kilometroko ibilbidea egin, Hego Poloraino, eta handik Hercules Badiaraino joan; inoiz inork egin ez duen zeharkaldia.

Mikel Zabalza nafarra izan zen, satelitezko telefono bidez, eguneko lehen laburpena egiten lehena: "Lehenengo eguna izateko ibilaldi ederra egin dugu, dagoeneko itsasoaren mailatik 800 metrora gaude. Kometak atera ditugun arren haizea kontran izan dugu, eta desbideratzen ari ginela ikusi dugu. Txarrena da zorua ez dela batere laua. Esan digutenez elur asko egin du neguan eta haize zakarra ibili da; horrek esan nahi du zorua oso txarto dagoela, sastrugis betea (izotz gainean haizeak eta elurrak sortzen dituen koskak). Trineoak zulo horietan sartzen zaizkigu, eta nekagarria da aurrera egitea. Dena dela, ez du hotz handiegirik egiten, zero azpitik hamar gradu".

Oraindik hainbat egun beharko dituzte lurreko kontinente garaieneko (2.000 metro) desnibela gainditzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak