Saint Chickens: "DJ izatea ez da musika elektronikoa jartzea; jendearen gustua ase behar da"

Maider Arregi 2011ko aza. 13a, 11:52

Saint Chickens talde italiarreko kide da egun Aretxabaletan bizi den Giuseppe Santacroce, DJ Pino Voice. Feelthe Groove azken lana dagoeneko entzun daiteke Arrasate eta Bergarako pubetan. Bada, I belonge 2 U eta Come on feel the groove kantuak hit bilakatu dira Italiako irrati eta diskoteka guztietan. Instrumentu tradizionalekin eta elektronikoekin egindako kantu dantzagarriak batzen ditu 2011n kaleratutako diskoak.

DJ Pino Voice, Italiatik Aretxabaletara etorri zara.
2010ean, Carmine Galluzik eta biok ekin genion Saint Chickens proiektuari, Italian. House, pop eta musika elektronikoa produzitzen dugu. Diskoteka, festa eta Misanoko zirkuitu ezagunean ere parte hartu dut nik. Aurkezle moduan ibili naiz, eta ondoren, produzitutako musika DJ saioetan islatzen dut. Orain, maitasunagatik Aretxabaletara etorri naiz. [Barre].
Disko-jartzailea, musikaria, aurkezlea… oso pertsona ezaguna, ospetsua zara Italian.
Speaker lanak egin ditut Italian. Musika jaialdietako antolatzaile lanetan eta giroa animatu eta jendea gerturatzeko lanetan ibili naiz Italiako diskoteka eta festa askotan.
DJ lanak ere egiten dituzu. Zertan datza?
DJ izatea musika elektronikoarekin lotzen dute askok: baina ez da hala. DJ izatearen funtzioa jendeari gustatzen zaion musikarekin dago lotuta. Jendea ase behar duzu. DJak giroa ikusi behar du, ez du musika elektronikoa soilik jartzen. Jendea gaztea, heldua, lasaia, urduria… nolakoa den ikusi behar du eta horretara egokitu behar da lana ondo egiteko.
Diskoteka garrantzitsuetan ere ibili zara DJ lanetan.
Italian Rimini party-n ibilia naiz. Rimini Italiako Eivissa da (Ibiza), oso garrantzitsuak dira hango festak. Jendea hara joaten da festa bila eta han oihartzuna hartu du nire musikak. Italiako hegoalderaino iristea lortu dut.
Hemengo musika entzuten duzu tabernetan? Zer iruditzen zaizu?
Hemen ez da musika oso ondo zaintzen. Zerbitzariek kontrolatzen dute tabernan jartzen den musika. Italian, tabernarik txikienean ere zaintzen da hori. Uste dut horrek garrantzia kentzen diola tabernako musikari. DJ batek jendearekin egon behar du, jendearen gustua egiten du. Zerbitzaria ezin da tragoak ateratzen ibili eta jendearendako musika jartzen ibili; ezin da denean egon. Italian oso garrantzitsua da jendeari arreta hori eskaintzea.
Kontzertu eskaintza zabala daukagu; joaten zara?
Bai, jarraitzen ditut. Baina niri, kontzertuetatik ikastea gustatzen zait; izan ere, asko ikasten da! Baina joaten naizen zuzeneko gehienak DJ saioak izaten dira, normalean. Italian ere, aukera dudanean, joaten naiz zuzenekoetara eta musikariak aurkezten ditut.
Euskal Herrian zuzenekorik emateko asmorik?
Bada, gurako nuke hemengo herriko plazetara zabaldu; festaren baten ere gustura hartuko nuke parte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak