Gaurkoan, informazio bilera bat antolatzeaz gainera, udalak herritarrekin zenbait proposamen trukatzeko ere erabili du hitzordua. Bertara, kirolariak, kirol erakundeetako ordezkariak, herritarrak, gurasoak... jende multzo polita bildu da aurki estreinatuko duten kiroldegia hobeto ezagutzeaz gainera, euren proposamenak ematera.
Ana Bolinaga alkateraren hitzetan, "oso proiektu handia da hau eta herritarrekin batera aurrera atera nahi dugu". Bileran, Bolinagak proiektuaren xehetasunak eman ostean, hiru taldetan banatu dira partehartzaileak euren proposamenak batu eta udalari emateko asmoarekin. Proposamenez gainera, zenbait herritarek kuotekin dituzten kezkak ere azaldu dituzte, eta alkateak argi utzi du "proiektu honetan herritarrak kontuan hartuta egingo dugu aurrera, eta kuotekin ere berdin jokatuko dugu". Kiroldegiak kostu altu bat izan arren (14 milioi euro) udaletxeak ahalik eta kuota merkeenak jartzeko lan egin duela azaldu dute.
Hurrengo pausua, kiroldegiari izena jartzearena izango da. Horretarako baina, hasi dira proposamenak jasotzen.