Herriko kirol elkarteetako ordezkariak daude deituta, eta gura duten kirol zale eta herritarrak ere joan ahal izango dira Arkupera. Lehenengo kiroldegiaren gaineko inkestatxo bat beteko dute saiora datozenek, eta ondoren, taldeetan banatuta iritzia eman eta iradokizunak egin.
Kiroldegiaren nondik norakoak
Martitzenean argitu zituen kiroldegiaren gaineko kontuak Ana Bolinaga alkateak, Arkupen. 15 bat lagun elkartu ziren eta galderak egiteko tartea ere izan zuten.
Kiroldegiaren kudeaketa enpresa baten eskuetan utziko dutela argitu zuen "kostu ekonomikoa ez dutelako gehiago handitu gura". Kuoten gainean esan zuen Eskoriatzakoak eta Arrasatekoak baino garestiagoak izango direla "baina ez herritarren artean esaten dabiltzan bezain garestiak". Trukean beste kiroldegi batzuk eskaintzen ez dituzten zerbitzuak izango dituela gaineratu zuen, eta "kiroldegi erosoa eta instalakuntza modernoak" dituena izango dela.
Era berean, urtarril bukaerarako zabaldu gurako luketela berretsi zuen.
Izen lehiaketaren bukaera
Bestalde, gaur bukatuko da kiroldegiaren izena hautatzeko lehiaketa. Proposamenak udaletxera edo Arkupera bideratu behar dira. Saria 50 euroko bonoa da M5 kirol dendan erabiltzeko.