Amaierarik bareko izotz plakan irristatuz eta eskiak, lerak eta kometak baliatuz, gurutzatuko dute aldenik alden Antartika. 180 kiloko lerak garraiatuko dituzte. 3.700 kilometroko ibilaldia. Amundsen-ek 1911ko abenduaren 14an lortutako epopeia errepikatzen saiatuko dira.
Groenlandiatik Antartikara
Groenlandian barrena aurtengo udaberrian egin duten ibilaldia entsegu moduan hartu du hirukoteak, beste abentura honetarako. Orduan, aurre egin behar izan zieten egoera gogorrenei: haize bako egunak, 10 orduko jardunaldiak…, eta gerri kolpeei esker mugiarazi zituzten 160 kiloko lerak, eskiez baliatuz.
"Alpinismoa bezalakoa da, baina horizontalean, eta ez dago atsedenerako tarterik. Oso gogorra izan da" adierazi zuten orduan. Bada, oraingo honetan, antzeko egoerei aurre egin behar izango diote.
Hiruko espedizioa, Basque Timek, BBK-k eta Naturgasek babestutakoa, Antartikara sartuko da datorren martitzenean, azaroaren 15ean. Ciudad del Cabotik iritsiko dira hara. Urtarrilaren 21ean etxera itzuli nahiko lukete. Hortaz, Gabonak etxetik kanpo igaroko dituzte, bi hilabeteko abentura gogor eta intentsuan murgilduta.