Abesbatzako kideek jakinarazi dute Euskal Herriko hirugarren korua izango dela abesbatza aretxabaletarra akademia horretan "parte hartzeko ohorea" izango duena, Donostiako Orfeoiaren eta Bilboko Koral Elkartearen atzetik: "Eta hori harro egoteko modukoa da, ez Aretxabaleta Abesbatzarentzat bakarrik, baita gure herri osoarentzat ere".
Nemesio Otañoren omenezko ekitaldia 19:30ean hasiko da gaur. Ismael Fernandez de la Cuesta, Alfonso Rodriguez y Gutierrez de Ceballos eta Ramon Gonzalez de Amezua akademikoek hartuko dute parte, eta bukatzeko, Aretxabaleta Abesbatzak Otañoren hainbat lan interpretatuko ditu, tartean Velum templi; Lagun Zaiguzu; O Sacrum Convivium; eta Ave Maria. Angel Barandiaranek zuzenduko du abesbatza ohi legez; bakarlaria izango da Mariatxen Urkia eta organo-jotzailea, Jose Luis Franzesena azpeitiarra.
Ekitaldiaren ostean, Aretxabaleta Abesbatzako lehendakari Javier Zaloñak oroigarria emango dio akademiako lehendakariari, Antonio Bonet Correari.
Sabino Arana sarietarako hautagai
Bestalde, Aretxabaleta Abesbatza Sabino Arana Fundazioak banatuko dituen 2011 sarietarako hautagaia da, beste 40rekin batera. "Jakin badakigu zaila izango dela gu aukeratzea, baina hautagaien zerrendan egote hutsa arrotzeko modukoa iruditzen zaigu Aretxabaleta Abesbatzako kide guztioi, eta abesbatzen zeregin zail bezain aberasgarrian are gogotsuago lanean jarraitzera bultzatzen gaitu", jakinarazi dute zuzendaritza batzordeko kideek.