Ana Bolinaga alkateak, Tomas Fernandez kirol zinegotziak, Asier Mujika kirol teknikariak, Jokin Urteaga LKSko ordezkariak eta Garazi Etxebarria Hirigintza teknikariak hartu dute parte bisita gidatuan.
- Sototik hasi dute. Bertan kokatuko dira: masajea, fisioterapia eta antzekoetarako gela; Aretxabaletako elkarteak batzeko gela; hainbat jardueretarako gela (spinning, aerobik...) eta aldagelak.
- Lehen solairuan sarrera nagusia dago: Kantxa, harmailak, aldagelak eta hainbat jardueretarako gela eta rokodromoa (50 metro luze eta 4 metro pasatxo altuera). Rokodromoa hil honetan bertan hasiko dira muntatzen.
- Bigarren solairua: eremu publikoa da, debaldekoa; partiduak ikustera doazenak, adibidez, sartuko dira. Tabernarik ez da egongo. Hainbat erabilerarako gela (kirol jarduerak egiteko edo hitzaldiak eman, elkarteek batzarrak egin, haurtzaindegia...) eta hainbat jardueretarako gela: muskulazioa...
- Tartean dagoen solairua: igerilekura joateko aldagelak eta igerilekuko makina guztiak.
- Hirugarren solairua: igerilekua (3 putzu, handienak 25 metro luze eta 7 kale); spa gunea, jakuzziarekin eta txorroekin; sauna eta solariuma (kanpoan eguzkia hartzeko gunea).
Gabonetarako amaituta
Esan bezala, Galdiano dabil lanak egiten eta haren planaren arabera lanak abenduaren 15ean bukatuko dituzte. Halere, atzerapenen bat egongo dela uste dute Udal arduradunek. Edozelan ere, urtarrilean zabalik izango dela iragarri dute.
1975ean lehen frontoia
1975ean pilotaleku handi bat eraiki zuten Aretxabaletan. Handik urte batzuetara, 1988an, berritu egin zuten eta kiroldegia egin zuten, pilotalekuari beste zerbitzu batzuk gehituz. Hala egon zen zabalik 2008ra arte, itxi zutenera arte.
Bi urte lehenago, 2006an, Aretxabaletako Udala hasi zen proiektu berrian pentsatzen, kiroldegia zahar geratuta zegoen eta instalazioak ez zeuden egoera onenean. Bestalde, herritarrek aisialdirako gune egokiagoak eskatzen zituzten.
Kiroldegi berria
2006an argitaratu zituzten kiroldegi berria egiteko lehen baldintza pleguak. 19 proiektu arkitektoniko aurkeztu ziren lehiaketara. Horietatik aukeratu zituzten 6 eta finalera hiru pasa ziren. Irabazlea aukeratzeko arrazoiak izan ziren: kirol jarduerak egiteko egokitzapena, funtzionalitatea, ingurunearen egokitzapena, erabilera, berezitasuna, erakargarritasuna eta diru kostua.
Obren lizitazioa 2009ko udan egin zen. Eta urte bereko abuztuaren 11n egin zen behin betiko adjudikazioa. Construcciones Galdiano enpresak hartu zuen lanak egiteko ardura, 9.821.800,78 euroren truke.
Aldaketak proiektuan
Bidean, baina, hainbat arazo izan dira, zimentazio arazoak gehienbat. Eta, horrek, proiektua aldarazi du.
Esate baterako, aldez aurretik egin zen ikerketa geoteknikoaren emaitza eta, benetakoa, errealitatea, ez zetozen bat. Eta, ondorioz, zimentazio sistema aldatu behar izan zuten eta mikropiloteak jarri behar izan zituzten, eta hasieran aurreikusitakoa baino sakonago jarri oinarriak.
Bestalde, konturatu ziren pilotalekuko horma ez zegoela haitzaren gainean eraikita. Eta 2010eko urtarrilean erabaki zuten trinketaren zorua altxatzea, putzuen solairuari eragin barik. Ondorioz, trinketa rokodromo eta aire libreko frontoi txiki bihurtzea erabaki zuten.
Bestalde, indusketa lanetan hasi zirenean, konturatu ziren eraikin zaharraren zimentazio guztia ez zutela eraitsi, beste guztiarekin batera.
Fase horretan, Aretxabaletako Udalak hainbat aldaketa erabaki zituen. Esaterako, sotoan, banaketa aldaketa batzuk. Horrek eragin zuen lehendik eginda zeuden saneamendu lanak berriro egin behar izatea.
Gora-behera hauen guztien ondorioz, proiektua aldatu egin behar izan dute eta espazioak berriro definitu.
Aurrekontuaren gaineko datuak
- Hasierako kostua: 11.895.470 euro.
- Ekipamendua: 726.000 euro.
- Hasierako desbideratzea: 1.800.000 euro.
- Behin betiko kostua: 13.699.370 + 726.000 euro.