Groenlandiako espedizioaren ondoren, orain Antartikara.
Groenlandiakoarekiko desberdina izango da Antartikako espedizioa; beste dimentsio bat izango du, baldintzak gogorragoak izango dira eta eskalada ere gehituko diogu. Horrek ekarriko du espedizio luzeagoa egitea; arriskua, hotza... osagai aldetik gogorragoa izango da.
Kontatu iezazkidazu espedizioaren zehaztasunak.
Azaroaren 11n aterako gara etxetik eta Hegoafrikara joango gara hegazkinez, eta handik Antartikara hartuko dugu hegaldia, Antartikako ekialdean dagoen base errusiar batera, eta han emango diogu hasiera zeharkaldiari. Hasiera puntu horretatik 150-200 kilometrora Maud erreginaren eremua dago, mendi oso ederrak dituen mendikatea. Han, eskalada bat egin gura dugu. Handik, 2.200 kilometro eginda Hego Polotik pasatu nahi dugu, eta aurrera jarraitu mendebalderantz. Union Glaciar izenaz ezagutzen den puntu baten base txiki bat jartzen dute uda partean eta, han hegazkinek-eta lur hartzen dutenez, handik Txilera aterako gara, kontinentearen zeharkaldia gauzatuz.
Baliabideei dagokienez, Groenlandiakoen antzerakoak izango dira?
Horretan ez dugu ezer aldatu. Bakoitzak eramango ditugu lau kometa, eskiak eta trineoa. 70 egunerako jana eta sukalderako erregaia eramango ditugu; aldatzen den bakarra da trineoetan lehengoan baino pisu dezente gehiago eramango dugula. 180 kilo ingururekin irtengo dugu, baina horixe da emango diguna autonomia guztia, ez dugu inoren dependentziarik edukiko.
Hego Polotik pasatu nahi duzue, baina Hego Poloa ez da helburua.
Helburua Poloa izango balitz abionetan joango ginateke. Gaur egun, oso komertziala da Hego Polora abionetan joatea; edo, izerdi apur bat atera gurako bagenuke, azkeneko gradua egingo genuke, azken 110 kilometroak. Hori ere oso modu komertzialean saltzen den bidaia izaten da. Gure kasuan, Hego Poloa mugarri bat da; guk planteatzen dugu Antartikan zeharkaldi luze bat egitea, muturretik muturrera joatea eta beti ere gure ahalmenean oinarrituta. Ez dugu nahi, adibidez, janari depositurik egitea beste inork, autosufizienteak izan nahi dugu.
Groenlandiako esperientziak askorako balioko dizue...
Bai, Groenlandian helburua ikastea zen, horretara joan ginen hara, Antartikakoa buruan. Uste dut oraindik asko dugula ikasteko, hobetzeko ere bai, baina esango nuke han ikasitakoa oso baliagarria izango zaigula oraingoa baldintza gutxieneko batzuetan egin ahal izateko.
Gaurko saioaren izenburua izan da Porrotaren alde; zergatik?
Arduratuta nago azkenaldian gure inguruko himalaiismoak hartu duen bidearekin. Beste kirol batzuetako kultura txarra Himalaiara ere sartu dela uste dut; mendizalea gero eta itsutuago ikusten dut gailurrarekin, kosta ahala kosta gailurrera iritsi beharrarekin, nahiz eta arrastaka iritsi edo hala-moduzko gailurra egin. Garaipena gailurrarekin lotzen da eta gailurra egiten ez duen beste edozein ahalegin porrotarekin. Uste dut garai baten hori ez zela horrela izan Himalaian; ezagutu dugu beste printzipio batzutan oinarritutako himalaiismoa. Himalaia niretzako da ilusioa, leku ideal bat; garbi dut ilusiotik motibazioa datorrela, eta horren arabera jartzen direla helburuak. Himalaiako ilusio horiek betetzea da himalaiismoa, nahiz eta gauza erraza izan, bide normaletik igo eta soka finkoaren beharra eduki. Ez du zerikusirik ez zailtasunarekin, ez errekorrekin.
Zer dakar himalaiismoaren desitxuratze horrek?
Planteamendu horrekin ez dugu berritzen mendian ibiltzeko dugun modua; errazera jotzen dugu. Hasten gara joaten jendetza dabilen mendietara, eta gero masifikazioa kritikatu; hasten gara hurbilketako martxak modu baldarrean egiten, ahal bada helikopteroz; kanpaleku nagusira iritsita, farmako mozkorraldi batekin ahaleginduko gara aklimatazioa ere arintzen eta, hori gutxi balitz, norbere mendiko lanak ere saiatuko gara, diru apur bat ordainduta, beste batzuek egin ditzaten. Eta muturreraino eramanda gure erosotasun hori, erreskate baten gure laguntasunaren beharra baldin badago, ahaleginduko gara, diru truke baita ere, gure ordez sherpa bat inplikatzen. Gaur, uste dut galdu egin dela lagunari ematen zitzaion inportantzia. Laguna baino inportanteagoa gailurra bilakatu da.
Eta nortzuk dira honen guztiaren erantzule?
Baloreen gainbehera horretan onartzen dut mendizaleak baduela erantzukizun parte bat, prentsako kazetariak izan dezakeen moduan, baina uste dut ardura handiena teknologia berriek eta telebistak dituztela. Himalaiako mendi altuak plato erraldoi bihurtu dira, reality showak antolatzeko eszenatoki eta espektakulu bihurtu dira. Mendizalea hor murgiltzen denean mendizaletasuna eta ardura etikoa alde batera uzten ditu, normalean behintzat. Gaur egun, kirol ikuspegiari ez zaio garrantzia ematen; inportanteagoa da berba egitea komunikabideetan eta zer kontatzen den.