Hain zuzen 2009an egin eta Udalari aurkeztutako estrategi planean (2009-2014) jaso zuen elkarteak herriko kirol guztia elkartzeko konpromisoa, "kirol talde guztien babes izango den guardasola izatea UDA".
Futbolaren inguruan 280 bat neska-mutiko dabiltza eta gainerako sailetan, 120 inguru, "eta hori bada zerbait", diote. Bost dira futbolaz gain UDA barruan dauden sailak: pilota; areto futbola; gimnasia erritmikoa; txirrindularitza; eta karatea. "Futbolerako joera handia dago baina kirol horiek ezagutzera animatu gura ditugu neska-mutikoak", esan du Enekotegik.
Futbola ez diren sailak
- Pilota: Hainbat adinetako neska-mutikoak dabiltza kategoria ezberdinetan banatuta, 33 inguru. Gipuzkoa eta Arabako txapelketatan hartzen dute parte eta hala jarraitzea da asmoa. Iturrigorri pilotalekuan egiten dute lan, baina, instalakuntzak ez direla egokiak diote.
- Areto futbola: Orain dela sei urte sortutako taldeak bigarren mailan jokatzen du; aurten, gainera, talde polita osatu dute eta igotzeko aukerak ditu. Almenen entrenatu eta jokatzen dute orain, baina kiroldegi berriarekin herrian izango dute lekua; hori horrela, txapelketako finalak bertan jokatu gurako lituzkete.
- Gimnasia erritmikoa: UDAko talderik gazteena da. 40 neska inguru dabiltza lanean 2 taldetan banatuta, Esther Barcenillasen ardurapean. Entrenatzeko leku egokiaren beharra daukate.
- Txirrindularitza: Sail federaturik izan ez arren Andramaixetako txapelketa antolatzen jarraitzen dute. Trialsin probaren babeslea da eta Dorletako Ama taldearekin kolaboratzen du.
- Karatea: 1998an Odilo Vazquezek sortutako taldea 2007tik UDA barruan dago. Kiroldegirik ez dagoenetik Kurtzebarri eskolan elkartzen dira entrenatzeko "baina porlanezko lurzorua ez da batere egokia kirol honetarako", diote. 150 bat neska-mutiko pasatu dira taldetik eta egun 37 daude, 5 eta 52 urte artekoak. Hainbat txapelketatan jokatzen dute, tartean Gipuzkoakoan eta Euskadikoan. Diziplinaz gain multilateralitatea (muskulu guztiak) lantzen duen kirola da eta beste kirol batzuekin bateragarria da.
Murrizketak diru-laguntzan
Sail horien eskaera nagusia da instalakuntza egokien beharra. Hain zuzen estrategi planean ere jasota dago eta Udalari gogorarazi gura diote hori.
UDAko zuzendaritza batzordeak badaki ez dela samurra izango. Izan ere, elkarteari ematen dion diru-laguntzak ere murrizketa izango duela iragarri die Udalak. "Hori jakinarazi ordurako denboraldiko aurrekontua onartuta geneukan eta beste diru iturri batzuen bila ibili gara", dio Enekotegik. Nahiz eta gastuak murrizten saiatu ez dela samurra onartu du, eta eskerrak eman gura dizkiote diruz lagundu dieten herriko enpresa eta komertzioei. Elkartearen asmoa da gainera, 740 bazkide izatetik 850era iristea.
Eskua proiektua
Futbolari dagokionez, 11 talde daude kategoria ezberdinetan banatuta, eta hiru, futbol eskola barruan. Hain zuzen hiru talde horiekin Eskua proiektua jarri dute abian, guraso, jokalari eta entrenatzaileekin lantzeko. Igor Arenaza eta Erik Badillo dira arduradunak, eta horien asmoa da oinarrizko futbolarekin egitea lan epe ertain eta luzera jasotzeko emaitzak. Formazio saioak egingo dituzte orain eta dagoeneko hasita daude elkartzen.