Tinduf-eko kanpamenduetan bahitutakoei elkartasuna adierazi die Udalak

Mirari Altube Arrese 2011ko urriaren 28a

Udaleko kide diren Bildu, Aralar eta EAJ alderdiek Tinduf-eko errefuxiatuen kanpamentuetan bahitutako hiru borondatezko lankideei eta haien senideei elkartasuna agertzeko adierazpena egin dute.

Hona adierazpena osorik:

Tinduf-eko errefuxiatuen kanpamentuetan hiru borondatezko lankide bahitu ostean (Extremadurako Solidaridad con el Pueblo Saharaui Elkartearen kide den Ainhoa Fernández Rincon, Mundubat GKEren kide den Enric Gonyalons eta CISPeko kide den Rosella Urru), Aretxabaletako Udalak ondoko adierazpenak egin nahi ditu:

  1. Bahituta dauden hiru pertsonen familia eta gertuko lagunei gure elkartasun zintzoena adierazi nahi diegu.
  2. Irmotasun handienaz esan nahi dugu gertatutakoaren errudun bakarrak bahiketa egin duen talde kriminala eta bultzatzaileak izan direla. Izan ere, errefuxiatutako herritarrak eta Saharako agintariek ez baitute izan ezelako zerikusirik zoritxarreko gertaera honekin. Horrela, Saharako Herriarekin dagoen lankidetzarako harreman estua oztopatu nahi izan da.
  3. Saharar Errepublika Demokratikoa (RASD) delakoaren agintariekiko konfiantza osoa errepikatzen dugu beste behin,  hala kasu hau konpontzeko bideratutako bitarteko eta neurriekin, nola 35 urte luzetan Saharako herritar errefuxiatuak aldian-aldian bisitatzen duten hamaika motako talde eta erakundeetako ordezkariei, borondatezko laguntzaileei eta familiarrei eman zaizkien babes eta segurtasunarekin lotutako guztiarekin.
  4. Gertatutakoak garbi asko erakusten du Saharako Herria duela 35 urte baino gehiago jasaten ari den  injustizia egoerari amaiera emateko ekintza politiko zein diplomatiko eraginkorragoa bultzatzearen beharra. Oraindik orain, erbestean bizi dira eta bizirik irauteko ezinbestekotzat dute nazioarteko laguntzetara joatea. Zalantza barik, irtenbidea da Marokok Saharako Herria okupatzeari utzi eta autodeterminazio eskubidea askatasunez ekitea. 
  5. Bukatzeko, era berean ez ditugu ahaztu nahi Somalian bahituta dauden Mugarik Gabeko Medikuak elkarteko borondatezko bi laguntzaile. Honen bitartez, beren familia eta lagunei gure elkartasun sentikorrena eta zintzoena helarazi nahi diegu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak