Sebas Roldan: "Patinean hanka bat jarri orduko bizitza ematen du; beste mundu bat da, aske sentiarazten du"

Txomin Madina Milikua 2011ko urr. 29a, 02:00

Berba egiten duenean nabari ez zaion arren, argentinarra da jaiotzez Sebas Roldan. 27 urte ditu, eta azken hamarkada honetan mundua skate taularen gainetik ikustera ohitu da. Pasioa da harentzat skatea, "ia bizi izateko estilo bat".

Ezinbesteko galdera: nola sartu zinen skate munduan?
16-17 urterekin izan zen hori; jendea patinatzen ikusten nuen U-an edo kalean eta kuriositatea piztu zitzaidan. Egia da patinean hanka bat jarri orduko bizitza ematen duela; beste mundu bat da, askatasun handia sentitzen da.

Eta hortik, pentsatzekoa denez, apurka-apurka gauza zailagoak eginez joango zinen, ezta?
Hasieran kosta egiten da, baina kontua da patinatzea, patinatzea eta patinatzea. Gero eta gauza zailagoak probatu gura izaten dira, leku handiagoetan: eskaileretan, barandetan, kalean, skate parkean... Horrelakoa da skatearen mundua, gauzak probatzen joan behar da.

Ospitaletik buelta asko eman behar izan dituzu?
Zazpi aldiz... Edo gehiagotan, askoz gehiagotan. Bihurrituak, zaintiratuak, buruan golperen bat ere bai... Beti saiatzen gara halakoak saihesten. Hasieran egin gura genuena ez egitearen  arantzatxoa geratzen da, baina berriz saiatzen gara lortu arte.

Skate munduan adituak ez garenondako, zein modalitate daude? Eta horien artean zein da gehien gustatzen zaizuna?
Aukera asko daude: U-an patinatzea, bowl-ean, bainera deitzen diogun horretan, skate parkean, kalean... Niri kalean gustatzen zait gehien, skate librea egitea. Egia da kalean askok ez gaituztela ondo hartzen, jende nagusiak askotan gaizki begiratzen digula... Ez dute kirol moduan hartzen.

Skate mugimendu handia dago inguruetan?
Hemen inguruan patinatzen duen jende asko dago. Batzuek, lan kontuengatik akaso gutxik, baina urte osoan zehar patinatzen dute. Baina beste batzuentzat moda bat da: denboraldiaren arabera, udan skatean edo surfean ibiltzen dira, eta neguan snowboardean.

Skaterrak hip-hoparekin, grafitiekin lotzen zaituztegu...
Askok patina mundu modernoarekin lotzen dute, baita jende gaiztoarekin, drogekin, hip-hoparekin eta raparekin ere. Baina patina librea da, egon daiteke hippyrik, baita punkik ere... Edonor da patina hartzeko libre; janzkerak janzkera, kontua da patinatzea.

Noraino heldu gurako zenuke? Skatea egitetik bizi izatea da zure helburua?
Ez, nire helburua da skateaz gozatzea, baita zaharra izanda ere. Skatea da bizitza honetan dudan gauzarik onena da, lagundu egiten dit arazoekin-eta. Ia bizi izateko modua bat da.

Orain skatean ibiltzen zara, baina igeriketan ere ibilitakoa zara. Jarraitzen duzu?
Igeriketan ibili nintzen, baita futbolean ere, baina orain ez. Guztiz ezberdina da: igeriketako eta futboleko entrenamentuetan, beti dago norbait agintzen zer egin behar den. Skatean dena  norberaren araberakoa da, bai zein truku egin, baita zenbat ordu eskaini ere.

Skateaz gain, zer egiten duzu?
Sorosle moduan egiten dut lan Eskoriatzako igerilekuetan. Igeriketa ikastaroak ere ematen ditut Goienasportekin. Eta euskara ikasten ari naiz Gasteizen... Apurka-apurka noa; zaila da, baina 4-5 urratsean nago.

Aretxabaletan bizi arren, jaiotzez argentinarra zara...
Bai, amaren aldetik denak Aretxabaletakoak dira, baina aitaren aldetik, denak Argentinakoak. Duela 9-10 urte heldu nintzen. Gu oso irekiak gara, eta hasieran hemen kosta egin zitzaidan jendea irekitzea, kritikarik ere egon zen. Baina gero, jendea ireki egin zen  eta orain oso gustura nago hemengo jendearekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak