Iaz hasi zen Basotxo erretiratuen elkartea eztabaida mahaiak osatzen. Gai bat eman eta horren gainean jarduteko elkartu izan dira azken hilabeteotan, eta dagoeneko 12 inguru egin dituzte.
Orain arte landu dituzten gaiak izan dira: egindako irteeren hausnarketak; Inaxio Garro orduko alkateak esandakoak; alderdi politikoek –EAJ, Bildu eta Aralarreko herriko ordezkariak izan ziren– erretiratuendako dituzten asmoak; M-15 mugimendua… Oraingo gaia, baina, bereziagoa da, erretiratu askoren bizipenak eta sentimenduak agerian geratuko direlako.
Inkestak, bizipenak ezagutzeko
Eztabaida mahai hori egin aurretik inkestak banatu dituzte orain dela 50 eta 60 urte gurera etorritakoen artean. 60 banatu arren 15 bakarrik jaso dituzte erantzunda. Antolatzaileek ez dakite horren arrazoia baina ez diote aparteko garrantzirik eman: "Batzuek ez dute gogoratu gurako, beste batzuek jakinarazi gura ez… Hala ere, erantzun esanguratsuak jaso ditugu eta hortik joko dugu".
Erantzundakoen artean gehiengoa Gaztela Leongoa da, 25 urte baino gutxiago zituztenean iritsitakoak Aretxabaletara –erdiak 18 baino gutxiagorekin–. Errioxa, Nafarroa eta Extremaduratik etorritako batzuen erantzunak ere badaude: "Baina harritu egin gaitu Extremadurako hain gutxik erantzun izana, asko direlako gurean. Galiziarrik ere ez dugu lortu", argitu dute antolatzaileek. Gainera, bakarrak adierazi du kanpokoa izateagatik baztertua sentitu izan zela orduan, baina egun guztiak sentitzen dira erabat integratuta herrian, "beste aretxabaletar bat gehiago". "Harritzekoa da gero arazo, min edo desilusioen berri gehiago jaso ez izana; behar bada ez dute gogoratu gurako".
Horien guztien eta gehiagoren gainean jarduteko tartea izango dute eguenean. Antolatzaileek, gainera, Basotxoko erretiratu guztiak gonbidatu gura dituzte bertara: inkesta erantzundakoak; erantzun ez dutenak; inkestarik jaso ez duten etorkinak; eta bertakoak, sasoi hartan harrera egin zietenak, hain zuzen. "Oso interesgarria izango litzateke iritzi ezberdinak agertzea, aberasgarriagoa delako. 20 bat lagun elkartuz gero ederto, gehiegi ere ez delako komeni eztabaida ondo bideratzeko".