Aretxabaletako plaza musikaz blai Loramendiren eskutik

EduMendibil 2011ko urriaren 24a

Loramendi euskara elkarteak 25. urteurrena ospatuko du abenduan eta giroa berotzen joateko, musika kontzertua antolatu zuten zapatuan. Betagarrik argi erakutsi zuen jarraitzaile mordoa dituela ibarrean; aretxabaletar gazteez gain, ibarreko beste herrietatik joandakoak batu zituen talde gasteiztarrak. Euren doinu dantzagarriekin giroa alaitzea lortu zuten.

Aurretik, Berrizko Zain taldeak jardun zuen, emanaldi dotorea eginez. Eta kontzertuari amaiera emateko, Hendaiako Xutik taldearen txanda iritsi zen. Mukaki Zpirit izenburuko diskoa aurkeztu zuten Aretxabaletan. Kontzertua amaitu orduko, goizaldeko ordu biak pasatxo ziren. Antolatzaileak pozik, jende asko gerturatu zelako zapatu gauean Aretxabaletara eta giro polita sortu zelako.

Dantza ikastaroa eguenetik

Abenduaren 17an ospatuko du Loramendik 25. urteurrena eta ordurako Beinke-Loramendi dantza prestatu nahi dute. Deialdi zabala egin diete aretxabaletarrei egun horretako ekitaldietan parte hartzeko. Beinke-Loramendi dantza gertatzeko eskolak izango dira eguenetik, urriaren 27tik aurrera. Hitzordua, 19:00etan udaletxe zaharrean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak