Demetrio Iriarte (Oñati, 1915- Aretxabaleta, 1997) txistulari handia hartu dute ardatz II. Txistulari Egun honetan: "Erabaki genuen Aretxabaletan bertan sortutako piezak jotzea eta horregatik Demetrioren hainbeste lan. Pieza horiek lehen asko entzuten ziren gurean eta orain gutxiago, hortaz, berriro gogora ekarriko ditugu", argitu du Jokin Antxia txistulariak. Eta gaineratu du oso lan politak direla.
Alardean joko dituzten 16 piezetatik 11 hain zuzen dira Iriartek egindakoak, horien artean daude: Arabako otoitza eta Zorionak –zortzikoak–, Udaberri eta Alkar –dianak–, Loramendi eta Muru Alde –biribilketak–, eta Eraña tar Erramon –arin-arina–.Ekainaz geroztik elkartu dira astero piezak ikasteko eta atzo egin zuten entsegu nagusia. Iñaki Barrena arrasatearrak egingo ditu zuzendari lanak alardean.
Harremana sendotu
Txistuak baduela bere tokia gurean dio Antxiak: "Dantzan egiteko, ekitaldi ofizialetan…". Baina ez dagoela modan gaineratu du: "Ez da gazteen gustukoa eta hori igarri egiten da. Lanerako materialak inoiz baino hobeak dira: txistuak, partiturak, ikasteko metodoak… Baina ikasi egin beharra dago eta maila bat lortu, gero gozatzen hasteko".
Bailarako txistularien arteko harremana sendotzea da Txistulari Egunaren helburuetako bat: "Lagunartean egon, errepertorioa trukatu, gazteengan zaletasuna sortu eta ondo pasatu, noski". Hala bada, goiz partean lanean jardun ondoren Muru Alde elkartera joango dira guztiak bazkaltzera.