"Atzerritartasun legeak aldaketak izan ditu eta hori argitzera datoz"

Mirari Altube Arrese 2011ko urriaren 18a

Atzerritartasun legearen gaineko argibideak eman eta zalantzak argitzeko asmoarekin informazio saioa antolatu du Udalak. Eguenean, hilak 20, izango da saio hori Arkupen (10:00-12:00) eta ez dago aurrez izenik eman beharrik.

Indarrean dagoen atzerritartasun legeak dioenaren berri emateaz gain, bere eragin praktikoa ere argituko dute atzerriko biztanleen gizarteratze prozesuan. Saio horiek atzerritarrei, etorkinekin harremanetan dauden herritarrei eta atzerritartasun kontuetan lan egiten dutelako informazioa gura duten guztiei zuzenduta dago. Saioak taldekakoak izango direla iragarri dute, eta urriaren 20an, eguena, egingo dituzte Arkupen (10:00-12:00).

Biltzen zerbitzuko aditua

Eusko Jaurlaritzako Biltzen zerbitzuko – Integraziorako eta kulturen arteko bizikidetzarako euskal zerbitzua– legelari bat etorriko da argibideak eman eta elkartutakoen zalantzak argitzeko asmoarekin. Hona beste batzuen artean aditu horrek argituko dituen kontuak: arlo ezberdinetan legeak duen eragina; bizitzeko eta lan egiteko baimenak eskuratzea; baimen horiek berritzea; familiak ekartzea jatorrizko herrialdetatik; ikasketa-egonaldiak; zigorrak; kanporatzeak…

Gizarteratze Zerbitzuak antolatuta

Informazio saio hori Udaleko Gizarteratze Zerbitzuak antolatu du. Berrizko (Bizkaia) Joana de la Calle teknikariak gidatzen du zerbitzu hori azken urtean, eta "oinarrizko Gizarte Zerbitzuen indargarria" dela argitu du: "Orientazio orokorra emateaz gain erabiltzailearen egoera aldatzeko edo hobetzeko asmoz ibilbide laboralak, prestakuntzakoak edo pertsonalak adosten dira".

Zerbitzu horretara jotzen dutenen jatorria ezberdina eta aldakorra izaten dela azaldu du de la Callek: "Pakistan, Maroko, Sahara, Georgia, Venezuela… Azken urteotan artatutako erabiltzaile atzerritarren kopurua areagotu da, baina ez soilik atzerritarren kopurua, bertako herritarren kopuruak ere gora egin du".

Atzerritartasun legearen gaineko informazio orokorra jasotzeko antolatu dute egueneko saioa: "Azkenaldian aldaketak jasan dituen legea da eta aldaketen berri izatea interesagarria iruditzen zait, ez soilik atzerritik etorritakoendako, baita atzerriko pertsonekin nolabaiteko harremana (lanekoa, familiakoa, laguna…) dugunontzat ere". Hori horrela, saioa irekia izango da, herritar guztiei zuzendua. Atzerritartasun kontuetan informazioa jasotzeko interesa duen edonor hurbil daiteke Arkupera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak