Ospitalean zenbat inbertituko duen eta noiz bukatuko den azaldu beharko du Osasun Sailak

Leire Kortabarria 2011ko urriaren 18a

Osasun Sailak idatziz azaldu beharko du Debagoieneko ospitale berrian zenbat inbertitu den orain arte, zer dagoen eginda, zenbat inbertituko den 2012an eta noiz egongo den ospitalea bukatuta. Legebiltzarrean hala eskatu du Euzko Abertzaleak taldeko Kerman Orbegozo Uribe ordezkariak.

Orbegozoren galdera tramitatzeko onartu zuen Legebiltzarrak urrriaren 11ko bileran, eta Eusko Jaurlaritzari bidali dio.

Kerman Orbegozok Debagoieneko ospitale berriaren eta Aretxabaletako osasun zentro berriaren gaineko galderak egin zituen, Osasun sailburuak idatziz erantzun ditzan. Galderok egin zituen ere EAEn egiten dabiltzan edo egiteko onartuta dauden beste osasun zentroen eta ospitalen gainean.

Debagoieneko ospitale berria egiteko, 2011ko aurrekontuen arabera, honako aurrekontu-kredituak erabili zirela gogorarazi zuen Orbegozo Uribek: 1. faserako, 4.200.000 euro; ekipamendurako, 300.000; eta ospitalea erreformatzeko, 1.000.000.

Zehazki, ospitalearen gainean, honako galderak aurkeztu zituen Orbegozok:

  • Partida bakoitzetik zenbat erabili da 2011ko irailaren 30erako?
  • Zenbat diru erabiltzea aurreikusten da 2011ko abenduaren 31rako?
  • Erabiltzea aurreikusitako zenbatekoa aurrekontuan jarritakoa baino txikiagoa bada, zergatik ez da erabiltzen aurrekontuan jarritako zenbateko osoa?
  • Guztira, ospitala zenbat kostatuko dela aurreikusten da?
  • Zenbat diru emango zaio obrari 2012ko aurreokntuetan?
  • Noiz egongo da amaituta ospitaleko obra?

Aretxabaletako osasun zentroa berritzeari dagokionez, Euzko Abertzaleetako ordezkariak gogorarazi zuen 200.000 euroko aurrekontu-kreditua bideratzea jasotzen dela 2011ko aurrekontuetan, eta hauxe galdetu dio Osasun sailburuari:

  • Obra esleitu da? Noiz? Ze zenbatekotan? Zein da exekutatzeko epea?
  • Zenbat diru zegoen erabilita irailaren 30erako?
  • Zenbat erabiltzea aurreikusten da abenduaren 31rako?
  • Erabiltzea aurreikusitako zenbatekoa aurrekontuan jarritakoa baino txikiagoa bada, zergatik ez da erabiltzen aurrekontuan jarritako zenbateko osoa?
  • Guztira, osasun zentroa erreformatzea zenbat kostatuko dela aurreikusten da?
  • Zenbat diru emango zaio obrari 2012ko aurreokntuetan?
  • Noiz egongo da amaituta erreforma?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak