Aretxabaletarrek gastronomia eta folklore jaialdiaren XV. edizioa ospatu zuten atzo eta ez ziren falta izan bertako eta kanpoko txorizoa eta gazta; euskal pastela, eztia, olagarroa eta ardoa bezalako produktuak.
Gastronomia erakustaldian, Aretxabaletako Aratz elkartekoek txosna jarri egin zuten eta, bertan, plazara gerturatutakoek txorizoa, sagardoa eta ardoa dastatzeko aukera izan zuten.
Kale egin ez zuten beste elkarte bat Corazon de Encinakoak izan ziren. Arrasaten bizi diren extremadurarrek beraien herriko urdaiazpikoa, txorizoa edo txitxi-burruntziak bezalako produktuak sukaldatu zituzten. Euskal Herriko eta Extremadurako ordezkariez gain, Galiziako, Gaztela Leongo eta Errioxako ordezkariak ere izan ziren.
Atzoko, gastronomia jaialdia izateaz aparte, folklore jaialdia ere ospatu zuten, eta horretarako Galiziako musika folklorikoa egiten duen Donostiako taldeak girotu zituen herriko kaleak.
Patxaran lehiaketa
Edurne Antonentzat izan zen lehen saria patxaran lehiaketan –255 euroko saria–, Jose Lonbiderentzat bigarrena eta Iñaki Orobengoarentzat hirugarrena.