Udaleko kontu-hartzaileak, baina, ezin izan zuen zehaztu zenbatekoa izango den KPI hori. %3aren bueltan ibiliko dela uste du, baina urritik urrirako urte-arteko indizea hartzen dute kontuan, eta azaroan jakingo da zenbatean geratzen den.
Zaborraren igoera %2,8 izango da mankomunitateak hala zehaztu duelako. Uraren igoera, ostera, ez zuten onartu ur kontsortzioarekin bilera egin gura dutelako aurretik eta horrek proposatu duen igoera, dezenteko igoera, zergatik den argitu. Ibilgailuen tasei dagokienez, potentzia handiko automobilek tasa handiagoa duten legez, 500 zentimetro kubikotik gorako motorrek ere gehiago ordainduko dute datorren urtetik aurrera.
Bestalde, Debagoieneko mankomunitateak osatu dituen hiru batzorde informatiboetara joango diren ordezkariak ere izendatu zituzten. Kontu, Ogasun eta Langile gaietarako batzordera Ana Bolinaga alkatea joango da; Ingurumen Batzordera, Lore Martinez; eta Garapen Ekonomiko eta Turismo Batzordera, Ana Bolinaga. Martxora bitartean, baina, Jose Luis Martin zinegotziak ordezkatuko du alkatea batzorde horietan.
Ospitalaren gaineko mozioa
EAJko zinegotziek Debagoieneko ospitalaren gaineko mozioa aurkeztu zuten eta aho batez onartu. Ospitalarendako hasieran egindako proiektuari heldu eta murrizketa barik aurrera egitea eskatu zioten Jaurlaritzari eta Osakidetzari, eta gainerako zinegotziak bat etorri ziren. Salatu zuten, gainera, ez dutela jaso inolako azalpen eta informaziorik eta komunikabideen bitartez dabiltzala kontuen berri izaten.